Genero ikuspegia teknologian

“Posible al da Adimen Artifizial Feminista bat?” izeneko jardunaldiak izan dira Bilbon. Jardunaldia Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko Bizitzen aldeko Herri Itunaren aurkezpenaren urteurrenaren testuinguruan egin da. Horien ardatza Ituna osatzen duten hamar puntuetako bat izan da, eraldaketa digitalarena, eta, iragarri duten bezala, sakonago landuko da Donostiako Miramar Jauregian urriaren 23 eta 24rako Emakundek antolatutako “Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia. Paradigma aldatzearen alde” nazioarteko kongresuan. Urrian egingo den kongresuaren helburua zientziaren eta teknologiaren arloan paradigma-aldaketa sustatzea da, genero-ikuspegia sistematikoki eta modu integralean txertatzeko. Bertan, nazioarteko elkargune horretan, estatuan eta autonomia-erkidegoan dauden estrategia, esperientzia eta jardunbide egokiak ezagutu ahal izango dira.

Bilboko jardunaldian, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburu Nerea Melgosak eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak parte hartu zuten. Adimen artifizialari dagokionez, sailburuak adierazi zuen moduan, adimen artifiziala bide berriak irekitzen ari da, aukera berriak, baina baita kezka berriak ere: “Esate baterako, teknologia testuinguru sozialetik eta gizartearen konplexutasunetik artifizialki bereizteko arriskua. Edo rol eta estereotipo sexistek sistema algoritmikoei nola eragiten dieten jakitea”. Zentzu horretan, esan du hausnartu behar dela jakiteko “nola egin sistema horiek teknologia diskriminatzaile bihur ez daitezen”.


Elgarrestak, bestalde, zien-tziaren eta teknologiaren mundua aukera bezala ikusi behar dugula adierazi zuen. Azaldu zuenez, “generoa kontuan hartzen duen teknologia digitala aukera paregabea da emakumeak ahalduntzeko, emakumeek teknologiaren diseinuan parte hartzeko eta aro digitalean dauden desberdintasun mota guztiak ezabatzeko”. Horrekin batera, gogorarazi zuen Nazio Batuek dei egin dietela gobernu guztiei eta gizarte osoari mundu digital “seguruagoa, inklusiboagoa eta bidezkoagoa” lortzeko ahaleginak bizkortzeko. Ildo horretan, uste du beharrezkoa dela eremu horretan “paradigma aldatzea”, 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak egia bihur-tzeko.


Jardunaldiaren jarduera nagusia “Posible al da adimen artifizial feminista?” eztabaida izan da, podcast formatuan egin dena zuzenean. Quan Zhouk (@gazpachoagridulce), Iratxe Gómezek (teknologiaren ahotsa) eta Lorena Fernándezek (Inspira STEAM) aurkeztu dute podcast-a. Zientzia eta teknologian erreferente diren emakumeak dira, eta genero-ikuspegiak IAren diseinuan duen garrantziaz eta ingurune zientifiko-teknologikoetan emakumeen presentzia handitzeko moduaz eztabaidatu dute. Halaber, azken urteko berdintasun-arloko mugarriak errepasatu dira, Herri Itunaren hamar puntuei lotuz: Justizia ekonomikoa, emakumeen eta nesken ahalduntzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, haurrak eta nerabeak, zaintzak, gizonen inplikazioa trantsizio ekologikoan eta eraldaketa digitala, besteak beste.