Udarako LGTBIQ+ telesail onenak

Gaur egun, inoiz baino aukera gehiago dago telebistan ikusi nahi duguna aukeratzeko. Netflix da horietako bat, eta une honetako telesail arrakastatsuenetan LGTBI mundua da protagonista. Orain­goan, horietako bi errepa-satuko ditugu, “Pose” (2018) eta “Sex education” (2019).

Kritikak goraipatuta, “Pose”k 80ko hamarkadako LGTB+ komunitatearen bizitza aztertzen du, baita hiesaren ugaritzea eta diskriminazioa bezalako problematikak ere. Saila FX telebista-katean estreinatu zen 2018an, eta, ondoren, HBOn eman zuten. Ondoren, streaming plataforma ezagunean eman zuten. Sortzaileak Ryan Murphy, Brad Falchuk eta Steven Canals dira. Telesailak hiru denboraldi ditu guztira, eta aztertzen duen alderdirik interesgarrienetako bat “ball culture” delakoa da. Alegia, LGTB+ kolektiboko pertsona askok, bereziki arraza beltz edo latinoko pertsonek, dantzaren eta pausoen bidez beren burua adierazteko kultura, lehiarako aukeratutako kategorien arabera.


Bestalde, “Sex Education” Netflixen ikusleek gehien maite duten telesailetako bat bihurtu da, eta 4. denboraldia bidean da. Drama eta komedia, nerabeen ikuskera, sexuarekiko jarrera irekia, kontzientzia sozial eta feminista nahasten ditu fikziozko sail honek. Laurie Nunnek sortutako seriea Netflixen jatorrizko serierik onenetakoa da, meritu propioengatik.

“Atzera begira”

Zorionez, bi serie horiek ez dira bakarrak. Azken urteotan aurrerapen handia egin da fikzioaren munduan, LGTBIQ+ gaia txertatzeari eta sexu-aniztasuna irudikatzeari dago­kionez. Telesailek gizartearen aurrerapen sozial eta moralak islatzeko joera dute, eta, horri esker, LGTB+ pertsonaiek garrantzia hartu dute fikziozko konta­kizunetan. Denbora asko igaro da 1971 urruneko hartan “All in the family” telesailak historian lehendabizi pertsonaia gay bat aurkeztu zuenetik. Ikusi beharreko beste lan batzuk “Please, like me” (2013), “Queer as Folk” (2000), “Special” (2019), “Feel good” (2020), “Eastsiders” (2012), “Orange is the new black” (2013) eta “Historias de San Francisco” (2019) dira.