Hiri birsortzaileen paradigma berria egungo testuinguruan

Hiriak etengabe hedatzen ari diren espazio bihurtu dira, eta natura sakrifikatzen dute asfaltoak aurrera egin dezan. Hirietako populazioa etengabe hazten ari da. 70eko hamarkadan, uste zuten 50 urte geroago kaleak auto hegalariz, etxe-orratz handiz eta ezinezko formadun ingeniaritza-lanez beteta egongo zirela. Gaur egun, orainaldi horretan bizi garenez, hiriarentzat etorkizunerako nahi dugun irudia oso desberdina da. Gutxienez hiri iraunkor batena. Auto gu-txiago nahi ditugu, berdegune gehiago, eraikin erresilienteak eta hiriak ekonomia zirkularreko eredu baten pean funtzionatzea. Eta hori da, hain zuzen ere, hiri-espazioen berroneratze iraunkorrak bilatzen duena, gaur egun bizi garen hiriak birdefinitu eta eraberritzea.


World Future Councilek 2007an hiri birsortzailearen kontzeptua sortu eta zabaldu zuen, Hanburgoko Unibertsitatearekin batera, ingurumena babesten duen, tokiko ekonomia garatzen duen eta bertako biztanleen bizitza sozial eta kulturalari mesede egiten dion espazio gisa. Toki hori, gainera, bere baliabideak etengabe berritzeko gai izan behar da, herritarren oparotasuna bultzatu behar du eta ezinbesteko tresna bihurtu behar da Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) betetzeko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Hiri birsortzailearen kon­tzeptuak Jane Jacobs hirigilearen “hiri-bitalismoaren” filosofia du oinarri, eta Jacobsek zioenez, hiriek beren barne-bizitza garatu behar dute birsorkun-tzaren haziak aurkitzeko.


Hiri birsortzaileen onurak
Hiri birsortzaileek, baliabideak eraginkortasunez erabiltzeaz gain, karbono-isuri txikiak dituzte, eta beren hiri-ingurunea eta beren mugetatik haragoko ekosistema-zerbitzuak hobetzen dituzte. Horrek esan nahi du hiriak periferiarekin eta urrunagoko guneekin dituen loturak berritu nahi dituela, baliabide naturalak ematen baitizkiote, hala nola ura, elikagaiak, egurra, etab.


Ameriketako Estatu Batuak, Alemania eta Ingalaterra aitzindariak eta liderrak izan dira, adibidez, hiri-barneko nekazaritza-sistemak ezartzen, horrela kanpo-hornitzaileekiko mendekotasuna murrizteko, eta, hortaz, garraio-logistikaren ondoriozko emisio gutxiago izateko. Era berean, hiri birsortzailea ez dago soilik baliabideak birsortzera eta ekosistemen eraginkortasunera bideratuta; espazio publikoak eta inguruneak ere birsortu behar ditu, gizakia ardatz hartuta.
Hiri modernoa “Petrópolis” gisa deskriba daiteke, non bere funtsezko funtzio guztiek (ekoizpena, kontsumoa eta garraioa) petrolioaren eta beste erregai fosilen injekzio masiboekin funtzionatzen duten. World Future Council “Petrópolis”-etik “Ecopolis”-erako aldaketa baten beharraz min-tzatzen da, non ekintza premia primarioa energiaren eremuan dagoen. Lehengai fosilen erabilera gero eta txikiagoa izango da hirietan, eta matrizeko energia berriztagarrien sistema deszentralizatuak ordezkatuko du, hiri-espazio bakoitzaren abantaila objektiboen arabera dibertsifikatua.