Herrialde batzuetan, LGTBI+ izatea espetxe-zigorrarekin zigortuta dago, baita heriotza zigorrarekin
ere. Herrialde horietako legediek berariaz jotzen dute delitutzat LGTBI+ izatea, eta LGTBI+fobia gizartearen esparru guztietan dagoela islatzen eta egiaztatzen duten zigorrak ezartzen dituzte.
Aldarte Lesbiana, Gay eta Trans Arreta Zentrotik, lan berria sortu dute, giza eskubideen urraketa eta LGTBI+ pertsona migratu eta errefuxiatuen errealitatera gerturatzeko asmoz.
Izan ere, herrialde batzuetan berdintasunezko ezkontza edo trans pertsonen eskubideak ere araututa daude, eta, hala ere, LGTBI+ pertsonek egiturazko LGTBI+fobia jasaten dute. LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazioa, jazarpena, erasoak edota beste indarkeria-adierazpen batzuk beste testuinguru batzuetan gertatzen dira, hala nola familian, gizartean edo lanean edo polizian, eta hortik ere ihes egiten
dute LGTBI+ pertsonek. Adibide gisa, adierazi behar da Kolonbiatik heltzen dela LGTBI+ pertsona gehien Aldartera. Herrialde horretan legez onartuta dago berdintasunezko ezkontza, baina LGTBI+fobia estrukturala oso errotuta dago.
Aurreiritzi eta estereotipoak jasan behar dituzte, eta horixe da beste gakoetako bat, matxismoarekin lotura zuzena duena, baita gizonei eta emakumeei esleitzen zaizkien genero-adierazpenekin
ere. LGTBI+ gaixotasunekin lotzea ere askotan egiten den beste akatsetako bat da. Ideia hori oso ohikoa da hezkuntzaren esparruan eta adingabeei dagokienez. Gainera, testuinguru askotan eragin sozial
handia dute erlijio-aurreiritziek, LGTBI+ pertsonei arbuioz begiratzeko eta diskriminazioa justifikatzeko erabiltzen direnak. Eta sexu-orientazioa genero-identitatearekin nahasteko akatsa ere egiten dugu beste
batzuetan.
Errefuxiatuen arazo eta beharrak
Orokorrean, arazo komun batzuk daude LGTBI+ pertsona migratuen eta errefuxiatuen errealitateetan, besteak beste, etxebizitzaren gaia nabarmentzen dute Aldarteko kideek.
Alde batetik, etxebizitzen sarbideari dagokionez, zailtasun handiak daude pertsona migratu gisa etxebizitza eskuratzeko, eta, bereziki, emakumezkoen kasuan.
Ikasketak baliozkotzeko oztopo burokratikoa da beste gai errepikakor eta komunetako bat migratzaile guztientzat, haien ibilbide pertsonala eta, beraz, haien bizi-kalitatea izugarri oztopatzen duena. Erdi edota goi mailako ikasketak dituzten pertsona migratu askok ezin dute beren lanbidean jardun bizileku berrira iristen direnean, izan ere, tituluak baliozkotzea balio duen diruak eta denborak hutsetik hastera behartzen dituzte. Kasu askotan, lan-eremu prekarizatuetan lan egitera behartuta ikusten dute haien burua.
LGTBI+ fobia
LGTBI+fobia gizartearen esparru askotan dago. Pertsona askok arbuio eta diskriminazio egoerak bizi dituzte bizi diren inguruneetan, eta LGTBI+ pertsona migratuek jatorrizko komunitateetan ere jasan ditzakete. Horrela, bada, pertsona askok adierazten dute ez direla ausartzen LGTBI+ pertsona gisa agertzera jatorri bereko pertsonen artean, jasaten duten gaitzespenagatik.
Zer da Aldarte?
Aldarte LGTBI+ Arreta eta Dokumentazio Zentroak 1994tik laguntza, gizarteratze, hezkuntza eta sentsibilizazio baliabideak eskaintzen dizkio gizarteari oro har, bere aniztasunean. Azken 10-15 urteetan, Aldartetik, maila globaleko aldaketa demografikoen ondorioz, beste herrialde batzuetatik etorritako LGTBI+ pertsonen kopurua etengabe handitzen ari dela ikusi dute. Hori dela eta, dibulgazio-koadernoa argitaratu dute, LGTBI+ pertsona migratuei ikusgarritasuna emateko asmoz. Horren bidez, pertsona migratuen, asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen problematikei heldu nahi zaie.