“Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortu da

Eusko Jaurlaritzak “Kiroletik Bagoaz Euskaraz” saria sortu du, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutakoei aitortza emateko. Sari honen bidez, egunerokoan euskararen erabilera
sustatzen duten kirol elkarteak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzea da asmoa,
euskararen erabilerak kirolean ere prestigioa har dezan.

Sari honek “2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean” du jatorria. Euskararen erabileraren aktibazioa ez ezik, erabileraren sustapena ere baita planaren zutabeetako bat, eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera.

Erronka nagusia
Saria aitortzeko, kirolaren esparruan euskararen normalizazioaren eta euskararen erabilera hauspotzearen alde egindako ekarpena balioetsiko da. Egindako lana eta ekarpena honako irizpide hauen arabera baloratuko da: Bikaintasuna (0-10 puntu), Eredugarritasuna (0-10 puntu), Berrikuntza (0-5 puntu), Eragin esparrua eta irismena (0-30 puntu), Partaide kopurua (0-15 puntu), Hizkuntz irizpideen ezarpena eta betearazte maila (0-15 puntu), Testuinguru soziolinguistikoa (0- 10 puntu) eta Genero berdintasunaren sustapena (0-5 puntu).

Gogoratu beharra dago “Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria” ez dela kirolean euskararen erabilerak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra; izan ere, honako ekintza hauek ere biltzen ditu Kirolean Euskara Sustatzeko Planak: kirol taldeetako zuzendaritza batzordeen euskararen aldeko atxikimendua landu; Kirol Federazioekin batera “Euskararen Kopa” antolatu; izen handiko taldeekin sustapen kanpaina bateratuak bideratu edota euskararen aldeko adierazpenerako atxikimendu kanpaina sustatu.