“Euskal Herrian ez dago bizikleta erabiltzeko azpiegitura nahikorik”

Txirrikleta bizikletaren mundua maite duen gazte talde bat da. Gazte hauek baliabide gutxiko pertsonei bizikletak emateko asmoz elkartu ziren. Bizikleten tailer txiki bat dute, bizikletak birziklatu, dohaintzan eman edo konpontzen parte hartu nahi duten boluntarioei irekia, dela interes partikularragatik, dela bizikletak emateko laguntza emateko.

Azaldu ahal diguzue zer den Txirrikleta proiektua? Zeintzuk dira helburu nagusiak?

Txirrikleta bizikletaren erabilera sustatzen duen elkarte bat da. Txirrikletako kideok erabiltzen ez diren bizikletak jaso, konpondu (edo mantentze-lanak egin), eta bizikleta batez gozatzeko aukera ez duten pertsonei ematen dizkiegu. Gure lan-eremua Bilboko zazpigarren barrutia da, baina beste toki batzuetan ere eman ditugu bizikletak, bai Euskal Herriko beste hiri edo hiri batzuetan, baita beste herrialde batzuetan ere (Honduras eta Sahara). Gure helburua bizikletaren erabileraren sustapena da, baliabide gutxi dituzten pertsonei eta familiei lehentasuna emanez. Horretaz gain, bizikletaz egindako bidaiak
(Porto, Paris eta Berlinera joan gara) eta ekitaldiak (Bilbao-Bilbao, Mendi Bike eta Bilbao Extrem, adibidez), proiektu konkretuak (Go Maialen proiektua) eta beste mota bateko ekintzak (mekanika tailerrak, dohainezko lantegia…) antolatzen ditugu.

Nola sortu zen Txirrikleta sortzeko grina?
Txirrikleta bizikleta maitatzen zuten gazte talde baten beharren ondorioz sortu zen. Talde honek Katalunian ezagututako elkarte batetik ideia hartu, eta Bilbon aplikatzea erabaki zuen. Bilboko familia askok bizikleta batez gozatzeko aukera ez zutela ikusita, elkarte kataluniarra ezagutu ostean, pertsona batek erabiltzen ez duen bizikleta bati beste bizitza bat ematea inpaktu sozial positiboa izan zezakeela pentsatu zuen; beraz, ekonomia zirkularra bultzatzeko, lantegi txiki bat sortu, eta dohaintzak egiten hasi
zen, apurtutako bizikletak konponduz.

Lantaldeetan antolatzen zarete edo nola egiten duzue lan? Zenbat lagun zarete proiektu honetan?
Gure lana lau taldetan banatzen dugu: lantegia, ekintzak, dohaintzak eta sare sozialak. Lehenengo taldeak bizikletak konpontzen ditu; bigarrenak auzoetan eta ikastetxeetan ekintzak aurrera eramaten lan egiten du; hirugarrenak bizikletak jasotzen eta dohaintzak egiteko pertsonak kontaktatzen lan egiten du; eta, amaitzeko, laugarren taldeak sare sozialak gestionatzen lan egiten du. Pertsona bakoitzak talde batean (edo batean baino gehiagotan) lan egiten du, eta elkartearen xedea aurrera eramaten dugu. Momentu honetan, Txirrikletan 10 pertsonak lan egiten dugu.

Euskal Herrian betidanik egon da bizikletan ibiltzeko tradizioa; hala ere, egungo hiriak bizikletan ibiltzeko egokituta daudela uste duzue?
Gure iritziz, momentu honetan Euskal Herria ez dago prest txirrindularitzarako. Argi dago bizikleta etorkizuneko garraiobidea dela (merkea eta emisio gabekoa). Hala ere, Euskal Herrian ez dago bizikleta erabiltzeko azpiegitura nahikorik. Existitzen ez diren bidegorriak, biribilgune arriskutsuak… Hainbat dira txirrindularitzarako eragozpenak. Belgikako, Herbehereetako eta Frantziako ereduak jarraitu beharrean, Euskal Herria atzean geratu da.

Pandemiaren ondoren, ikusi izan dugu bizikleta garraio gisa gero eta gehiago erabiltzen dela. Zuek hori nabaritu duzue? Hau da, pandemiaren ondoren bizikleta gehiagoren eskaera izan duzue?

Bai, zorionez, pandemiak eragin oso positiboa izan du bizikletaren munduan. Hala ere, ez ditugu eskaera gehiago jaso, eskaera gutxiago baizik. Gure iritziz, bizikletaren “boom”-a aisialdian eman da, eta, argi dagoenez, bizikleta aisialdian erabiltzen duten pertsonak baliabide nahikoak dituzten pertsonak dira. Beste era batera esanda: bizikletaren erabilera bultzatu da soilik baliabide nahikoak dituzten pertsonentzat, eta, pandemiarekin erlazionatuta dauden beste sailekin bezala, baliabide gutxi dituzten pertsonak atzean geratu egin dira.

Sare sozialetan ikusi ahal izan dugu Txirrikletaren zenbait partaidek hainbat bidaia egiten dituzuela bizikletan, hala nola Paris, Porto, Valentzia… Nolatan hasi zineten horrelako bidaiak egiten? Bidaia bereziak dira; izan ere, ahalik eta diru gutxien erabiltzea duzue helburu, ezta? Azaldu ahal diguzue apur bat?

Gure bidaiak errebindikazio modura hasi ziren. “Like”-en munduan, edonork ikus dezake urrunera joaten diren pertsonek onarpen handiagoa dutela. Gure bidaiak horren aurkako ekintza modura hasi ziren. Esperientzia izugarriak izateko hegazkinez milaka kilometro egitea eta diru kantitate izugarriak gastatzea
beharrezkoa ez zela frogatu nahi genuen, eta Bilbo-Paris bidaia egin genuen. Horregatik, kanpoko pertsonei (bidaiara etorri ez zirenei) ideia hori jakinarazteko, dokumental bat prestatu genuen, gure baliabideekin.

Irakurleak nola jar daitezke zuekin kontaktuan?
Gurekin harremanetan jartzea oso erraza da. Hemen uzten dizkiegu hainbat baliabide:
-Instagram: @Txirrikleta (elkartea) @txirrikleteros.pm (bidaiak)
-Gmail: Txirrikleta@gmail.com
-Youtube: Txirrikleta
-Facebook: Txirrikleta Elkartea