Arabako Bertsolari Txapelketa datorren urteari begira jarri da. Izan ere, 2024an jokatuko den lehiaketan izena emateko epea ireki da, uztailaren 9ra arte. Aurtengo udazkenean jokatuko dira kanporaketak.
Bi urtean behin ospatzen da Arabako Bertsolari Txapelketa eta 2022an aurrekoa ospatu ondoren, hurrengo hitzordua 2024an izango da. Txapelketaren aurkezpena urtarrilean izango da eta martxoaren 16a bitartean ospatuko da. Hori bai, aurretik, 2023ko udazkenean hain zuzen ere, txapelketarako sailkatze kanporaketak izango dira.
2022ko finalerako sailkatu ez ziren bertsolari guztiek urriaren erdialdetik azaroaren erdialdera bitartean antolatutako kanporaketetan kantatu beharko dute. Saioak izen-emate kopuruaren arabera antolatuko dira.
Beraz, 2022ko sei finalistak zuzenean sailkatuta daude urtarrilean hasiko den 2024ko txapelketan, baldin eta izena ematen badute. Izena emateko, mezu elektroniko bat bidali behar da araba.sustapena@bertsozale.eus helbidera edo 675 707 971 telefonora deitu, interesa adieraziz.
2022an Peru Abarrategi aramaiotarra gailendu zen Arabako Bertsolari Txapelketan, azken txanpan Manex Agirre herrikidearekin lehian aritu ondoren. Sei bertsolari izan ziren oholtza gainean, bi emakume eta lau gizon: Peru Abarrategi, Manex Agirre, Oihane Perea, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Paula Amiburu.
Oihane Perea ere izan zen protagonista. Izan ere, bere azken txapelketa ospatu zuen. 12 urterekin hasi zen Gasteizko bertso eskolan ikasten eta gaur egun bertsolaritzako irakaslea da bera. Lau aldiz irabazi du Arabako Txapelketa.