‘Justizian Heztea’ egitasmoa abian jarri dute, ikasleek justiziaren nondik norakoak ezagun ditzaten

María Jesús San José Sailburuak, Juan Luis Ibarrarekin batera, Bilboko ‘Angeles Custodios’ ikastetxean.

UNAI GANDARIAS /2012-12-02/ ‘Justizian Heztea’ programa martxan jartzeko ekitaldia inauguratu dute aurreko astean María Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak eta Juan Luis Ibarra Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Bilboko Ángeles Custodios ikastetxean. Ikasleek justiziaren funtzionamenduari buruzko behar adina ezagutza eskuratzea da helburua, genero indarkerian, sare sozialen erabileran, eskola jazarpenean, sexting-ean eta droga kontsumoarekin eta adingabearen erantzukizun penalarekin zerikusia duten beste alderdi batzuetan arreta jarriz.

“Helburu nagusia da justizia DBHko eta Batxilergoko gazteei hurbiltzea, behar adina ezagutza eskuratu dezaten sistema judizialaren funtzionamenduari buruz, kontuan hartuta kultura orokorra dela, baliagarri izango zaiena”, azaldu du San Josék.

Hiru saioko egitasmoa

‘Justizian Heztea’ programa hiru saiotan garatuko da. Lehenengoan, magistratu edo epaile batek ikastetxea bisitatuko du eta solasaldi bat izango du ikasleekin, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak landutako ikus-entzunezko materiala erabiliz.

Bigarren saioan, ikasleak justizia jauregira joango dira eta publiko gisa bertaratuko dira epaileak hautatutako epaiketa batera edo gehiagotara. Ondoren, Lan eta Justizia Saileko funtzionarioen eskutik, auzitegiko medikuntzako unitateak, ziegak eta identiXkazio saioak egiten diren aretoa bisitatuko dituzte.

Hirugarren saioan, ikasturtea jada aurreratua dagoenean, ikasleek epaiketa bat antzeztuko dute epaitegiko epaiketa aretoan, epaile batek gainbegiratuta, tutorearekin batera landua duten gidoi batean oinarrituta. Ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak bertaratuko dira publiko gisa, eta Emilio Lamo de Espinosa magistratuaren eta tutorearen gainbegiraketa izango dute. Ikasturtea amaitzen ari denean, ikasleek aitortza bat jasoko dute Lan eta Justizia Sailaren eskutik, egindako jardueretan parte hartzeagatik.