Euskal zirku ibiltariak Ibarran egongo da abenduaren 13tik 30era bitartean

Aurten sei hilabeteko bira egin du zirkuak, guztira 35.000 ikusle elkartuz.

UNAI GANDARIAS /2019-12-02/ Gure Zirkua euskal zirku ibiltariak azaroaren 3an amaitu zuen Araman (Gipuzkoa) 2019ko bira, baina “propina” eskainiko du abenduaren 13tik 30era bitartean, Ibarran (Gipuzkoa), 18 emanaldi antolatuz. Sarrerak salgai daude jada www.eventbrite.comatarian eta Ibarrako Barriola harategian.

Zirkuko arduradunek jakinarazi dutenez, sei hilabete iraun du aurtengo birak, Euskal Herriko bost herrialdetako 12 hiri eta herri zeharkatu ditu, eta eskainitako 138 emanaldietan 35.000 ikusle bildu ditu.

Bira amaitu arren, Gure Zirkuak Ibarran bukatuko du urtea, ia urte eta erdi baita ez duela Tolosaldean emanaldirik eskaintzen, zehazki 2018ko ekainean lehen bira Amezketan abiatu zuenetik. Harez gero Euskal Herriko makina bat bazterretan izan da Gure Zirkua, baina zirkuko kide askoren “etxean” emanaldirik eskaini gabe.