UEMAk aurten ere Salto! Udaleku ibiltaria jarri du martxan. Udalerri euskaldunetako gazteentzako ekimen hau astelehenean abiatuko da Orozkotik eta uztailaren 4an Dimara helduko da. Ibilbidea 120 gaztek burutuko dute, eta helburua da beraiek euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktiko bihurtzea.
Oraingo honetan, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteak izango dira protagonista. Guztiak Orozkoko Zubiaur plazan elkartuko dira astelehenean, 9.00etan, eta behin taldeetan antolatu ondoren, eta talde bakoitzak bere erreferentziazko hezitzailea duela egiaztatu, bederatzi eguneko egitarau oparoari emango diote hasiera.
Gorbeialdean izango da udalekua, eta Arratia bailarako lau herri ezagutuko dituzte gazteek, beti ere euskaldun gisa ahalduntzeko UEMAk eta Hezten elkarteak prestatutako egitarau oparoaren baitan: Orozko (ekainak 26-28), Areatza (ekainak 28-30), Otxandio (ekainak 30-uztailak 2) eta Dima (uztailak 2-4). Era berean, gazteen arteko sareak sortzen, genero-estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen, eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz gazteen artean ingurumen- eta ekologia-kontzientzia barneratzen eta garatzen ere ahaleginduko dira Hezten elkarteko hezitzaileak.
Gazteek beharrezkoa duten guztia bermatuta izango dutenez, ez dute dirurik beharko udalekuan zehar. Era berean, udalekua elkarbizitzaz gozatzeko eta taldearen baitan ongi pasatzeko une ezin hobea dela sinetsita, telefono mugikorrik ez eramatea gomendatu zaie parte-hartzaileei.