Euskararen aniztasunari buruzko erakusketa, Euskararen Etxean

Euskararen Interpretazio Zentro berrituak ‘Euskararen Lorategia’ erakusketa irekiko du atelehenean, ekainaren 12an. Azken hori 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek osatu dute.

Jarduera hori gazte horien eskola-programaren barruan kokatzen da. Programa horretan, ikastetxeko edukiak lantzen dira, maila desberdinetara egokituz. Horrela, ‘Euskararen Lorategia’ DBH 3, DBH 4 eta Batxilergoko ikasleekin egiten den ekintza da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen eta euskararekin duten harremanaz hausnar dezaten.

Joxemiel Barandiaran antropologoaren esaldi ezagun batetik abiatzen da erakusketa: «Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu, euskaldunok, beste landare bat edo lore mota bat gara, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du».

about:blank

Barandiaranen hitz horietatik abiatuta, ikasleek euskararen aniztasunari buruzko gogoeta egiten dute, baita euskararekiko atxikimendua ere, praktika artistikoaren bidez. «Emaitza koloretsu bat da, askotariko landare eta loreak dituena, harrigarria edukiari zein estetikari dagokionez. Izan ere, gazteek sormena erakusteaz gain, euskararekiko dituzten jarrera eta iritzi desberdinak ere irudikatu dituzte», azaldu dute antolatzaileek. Eta emaitzaren kalitateaz jabetuta, Euskararen Etxeak ‘Euskararen Lorategia’ erakusketa antolatu du, ekainaren 12tik uztailaren 15era.

«Interes handiko ekimena iruditzen zaigu, gazteek askatasun osoz jardun dutelako euskararekiko kezkak azaltzen. Ondorioz, ziur gaude bisitariek lorategi honetako loreen usain, forma eta koloreekin gozatuko dutela, eta bisitariak gazteen gaitasun eta kezkez ohartuko direla», azpimarratu dute.