Etxeko txikiek San Juan su berezia izango dute Getxon. Ekainaren 23an, San Nikolas plazan, izango da hitzordua, 18.00etatik aurrera. Algortako hainbat eragileren artean egitarau oparoa prestatu dute.
Horrela, jardunaldia 18.00etan abiatuko da aurpegiak margozteko tailerrarekin, Bapiruke eta Hariako begiraleen eskutik. Ondoren, aurpegia dotore-dotore jarri eta gero, diskofestaren txanda etorriko da Eva & Aitxuren eskutik, ikuskizun hau adin guztientzat izango delarik. Tripa asetzeko txanda 20.00etan helduko da, txololatada eta munduko postreak banatuko dituztelarik. Ekimen hau posible izango da Abian eta San Nikolas Zabalik elkarteko kideei esker.
Ordu-erdi beranduago, bertsolarien emanaldia izango da. Bertan izango dira June Diaz, Peio Lago eta Maialen Lago. Bertsoen ondoren, txondorraren prestaketan Koroa Biluzik taldeko lagunak arituko dira, eta Itxartuko dantzariak etorriko dira konjurua eta Urdiaingo San Juan kantaita aurkeztera. 21.00ak aldera izango da hori, sua piztuko denean eta… zer ekarriko duzu sutara botatzeko? Gomendio bat, plastikorik ez, mesedez.
Behin sua piztu ondoren, inguruan dantzatzeko aukera egongo da. 23.00ak arte gorputza astintzeko aukera egongo da, txokolatea jaisteko plan ederra. «Animatu eta etorri, denok zaudete gonbidatuta», aipatzen dute antolatzaileek. Ekimen honen atzetik daude Abian elkartea, ALBE bertso eskola, Bizarra Lepoan Euskara elkartea, Egizu Getxo Euskaldun elkartea, Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioa, Haria Eten Barik elkartea, Itxartu dantza taldea, San Nikolas Zabalik eta Koroa Biluzik taldeko lagunak.