Noiz sentitu zenuen musikaren kontu hori zurea zela?
Txikitatik bizi izan dut musika etxean. Gurasoak musikarako zaletasun handia daukate eta uste dut hori izan dela musikarekin gehien lotu nauena. Ahizpekin etxean kantatzetik herriko abesbatzan kantatzera pasatu nintzen, eta jostailuzko teklatuarekin jolastetik musika eskolan pianoko ikasketak hastera. Izan ere, institutuan nengoela, 15 edo 16 urterekin konturatu nintzen musika ez nuela hobbytzat bakarrik, beraz, nire burua gehiago trebatzea erabaki nuen, musika prestakuntza sendoagoa izatea. Orduan erabaki nuen Gasteizko Kontserbatorioan sartzea. Ikasketa zorrotzagoak ziren eta diziplina behar zuten.
Egunero joaten nintzen institutura, baina, gainera, astean hiru arratsalde joaten nintzen Gasteizeraino, kontserbatoriora. Han konturatu nintzen musika zaletasuna baino zerbait gehiago izango zela.
Duela bi urte murgildu nintzen musikaren industrian musikari profesional gisa, baina esan beharra daukat beti sentitu naizela musikari.
Bertsioekin egin zinen ezagun sare sozialetan. Baina idatzi, noiztik idazten duzu?
Letrak idazten orain dela hiruzpalau urte hasi nintzen. Institutuan lagun bat ezagutu nuen, Maria Oses, eta elkarrekin hasi ginen lanean. Pare bat kantu bion artean egin genituen, eta gero ni animatu nintzen bakarrik ere idaztera. Baina musika betidanik sortu izan dut. Txikitan, pianoan jarri eta abestiak sortzen nituen.
Zertan eragin dizu 2019an jaso zenuen Kutxa Kultur bekak?
Beste talde batzuen bertsioak kantatzeari utzi eta nire abestiak sortzen hasteko aitzakia izan zen Kutxa Kultur Beka. Gainera, talde bat osatzeko pausoa eman nuen abesti horiek gorpuztu eta diskoa grabatzeko.
Beti izan duzu argi zure estiloa edo bilaketa-bide bat izan da?
Hori da beste galdera zailenetako bat. Momentuz ez dut nire burua musika estilo bakar batekin identifikatzen. Influentzia ezberdinak izan ditut nire bizitza osoan zehar eta aniztasun hori argi islatzen da nire abestietan. Izan ere, uste dut horrek aberasten duela nire musika.
Zeintzuk dira zure erreferente musikalak?
Erreferente musikalen zerrenda eskerga daukat. Artista eta estilo desberdinak entzuten ditut eta sasoiaren edo egunaren arabera nire erreferenteak aldatzen doaz. Kanpora jo gabe, esango nuke Bea, nire ahizpa nagusia, izan dela beti nire erreferenterik handiena. Bestalde, azken asteetan Silvia Pérez Cruz, Leiva eta Desagaraian entzun ditut gehien.
Euskara ala gaztelania? Non sentitzen zara erosoago konposatzeko eta abesteko orduan?
Bi hizkuntzak erabiltzen ditut nire letrak idazteko orduan. Zortedun sentitzen naiz bai euskaraz bai gazteleraz eroso aritzen naizelako, eta horrek, momentuz, bi hizkuntzetan sortzeko aukera ematen didalako. Ez dut hautaketarik egiten hizkuntzari dagokionez letra bat idazten hasten naizenean, normalean esaldiren bat datorkit burura eta hortik abiatzen naiz. Gainera, hizkuntza bakoitzak bere sonoritatea dauka, eta askotan horrek eramaten nau hizkuntza batean ala bestean idaztera.
Ikasketak eta kontzertuak direla-eta lagunekin egoteko astirik baduzu?
Nire ingurua zaintzea garrantzitsua da niretzat, elkar zaintzea. Hala ere, egia da kontzertuek eta ikasketek denbora eta esfortzu handia behar dutela.
Piramidearen goialdean dauden euskal musikarien artean tokia egitea lortu duzu…
Zer da piramidearen goialdean egotea? Euskal Herria txikia da eta izen bat asko entzuten denean goialdean kokatzen da, baina sorpresa oso positiboa izan da euskal musikarien artean elkar zaintzeko sare bat osatuta dagoela ikustea. Hasi nintzenetik, esaterako, Izaro edozertan laguntzeko beti gertu izan dut; bide hasieran ez zuela ondo pasatu esan zidan, eta niri erraztu nahi zidala. Olatz Salvadorrekin ere harremana dut, eta Eñaut Elorrietak ere asko lagundu dit; eta, duda barik, Fernando Velázquez konpositore eta Euskadiko Orkestrako zuzendariak ere izugarri. Nahiz eta piramidearen goialdean izan hurbilekoak eta lagunkoiak direla konturatu naiz, eta oso eskertuta nago!
Ez da samurra izango hankak lurrean izatea. Zelan kudeatzen dituzu emozio horiek guztiak?
Musikaren saltsan egon ala ez, emozioen mundua eta horien kudeaketa prozesu eta lan amaiezin bat dela pentsatzen dut. Beraz, lan pertsonal horri ere heltzen ari natzaio.
Zer amets dituzu aurtengorako?
Abesti berrien sortze prozesuaz gozatzea eta jende onez inguratuta egotea dira nire nahi nagusiak 2023rako.