ANIMALIA DOMESTIKOAK

Gure etxeak sentipen ugariz beteta egoten dira, maskotak bezain eguneroko bihurtu arte: izan daiteke urtetako errutinak dakarren asperdura, izan daiteke muturtuta daudenen haserrea, edo mundu paraleloetan bizi direnen inkomunikazioa, izan daiteke bizilagunarenganako inbidia, noizbait bizikide izan zenaren oroimina, edo ihes egin nahi geniokeenaren beldurra… Egilearen lehen ipuin bilduma honek leku hurbilak eta giro intimoak erakutsiko dizkigu, irakurlea erraz bat etorrarazteko modukoak. Istorio eder eta sotilak, panpina-etxe baten moduan erreal bezain ametsezkoak, soberako hitzik gabeko idazkera fin, soil eta arinez idatziak.

ORRATZA ETA KALTEA

Ondarroa, 80ko hamarkada. Mikel zinegotzi aukeratu berri dute udal hauteskundeetan, eta ustekabean heroinaren zabalkundearekin egingo du topo: gazteen belaunaldi oso bat munduari bizkar emanda bizi da, hauts zuria beste ametsik gabe, eta heriotza etorkizun bakar. Ia inoren laguntzarik ez izan arren, aurre egingo dio arazoari: nola lagundu gazte horiei droga uzten? Nork saltzen dizkie papelinak, eta, batez ere, nork ekartzen ditu herrira? Erritmo bizian kontatutako thriller bat, non irakurzaleek aurkituko duten: elkarrizketa arinak, gertaera kateatuak, on eta gaiztoak, gorantz doazen ekintzak eta tirotan lehertzen den amaiera apoteosiko bat.