Etxepare Institutuaren irakurletza sareak nazioarte mailara eramango du aurtengo Euskararen Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguneko 2019. urteko kartela

UNAI GANDARIAS /2019-12-02/ Euskararen Nazioarteko Eguna nazioarteko zenbait txokotara iritsiko da aurten ere, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez, eta euskal kultura edota euskararekin erlazionaturiko izaera ezberdineko ekintzak izango dira Amerikako eta Europako 11 hiritan.

Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan gradu edota graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira irakurleak. Etxepare Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean, eta irakasle horiek guztiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Atzerrian, 1.800dik gora ikasle ari dira momentuotan euskara eta euskal kultura ikasten, 29 irakurleren eskutik, eta horietako askok hartuko dute parte ekitaldiotan.

“Irakurleek, euskara eta euskal kultura klaseak emateaz haratago doan lana egiten dute: euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile dira atzerrian. Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin”, azaldu dute Etxepare Institututik.

Hala egin da azken urteotan Euskararen Nazioarteko Egunarekin ere, eta aurten 11 hiritan antolatu dituzte euskal kultura edota euskararekin erlazionaturiko izaera ezberdineko ekintzak. Txileko Santiago, Boise, Mexiko Hiria, Poznan, Helsinki, Paris, Frankfurt, Chicago, Berlin, Konstantza eta Bartzelona izango dira hiri horiek, eta ekintzak azaroaren 25etik hasita abenduaren 16ra bitarte garatuko dira.

Bartzelona izan da ekintzekin hasten lehena: bertsolaritza, feminismoa eta Wlm laburrak izan dira egitarauaren protagonista aste honetan bertan. Oraindik ere azaroan, Txileko Santiagon munduko txoko ezberdinetako sukaldaritzari lotutako ekimena antolatuko dute larunbatean, hilaren 30ean, euskal gastronomiari garrantzia berezia emanez. Amerikan jarraituz, hurrena AEBetako Boise hirian izango da: abenduaren 2an euskal zinema izango dute, eta 3an, euskal gaien inguruko argazkilaritza txapelketa baten Wnala.

Mexiko hirian edota Chicagon, euskara mundu osoko hainbat bazterretan

Mexiko Hirian ere izango da ekintzarik; euskal ipuingintzan oinarritutako antzerki rallya antolatu dute, azaroan zehar garatu dena, eta Euskararen Egunean bertan ospatuko dute rallyaren Wnala. Egun berean, Chicagon, euskara eta feminismoa ardatz dituen hitzaldia izango dute eta, ostera, pintxo jatea.

Halaber, Berlinen ere ekitaldi interesgarria antolatu dute Euskararen Egunean, arratsaldez: euskara ikastaro laburra eta poesia irakurketa izango dira, jatekoaz eta edatekoaz gain. Alemanian jarraituz, Konstantza hirian euskararen txokoa antolatuko dute unibertsitatean, euskal hizkuntzari eta kulturari buruzko informazioa banatuz eta pintxoak eskainiz, bai eta Wlm emanaldia ere.

Era berean, Helsinkin, Euskararen Egunaren ospakizun jaialdia egingo dute abenduaren 5ean, herri kirolak, euskal dantza, kontzertua eta beste hainbat tradizio praktikan jarriz. Parisen, dokumental baten proiekzioa eta osterako euskal kantagintzari buruzko hitzaldia antolatu ditu irakurletzak, abenduaren 6rako, bai eta bertsolaritza lantegi praktikoa ere.

Azkenaurreko ekintza Frankfurten izango da: euskarazko rapari buruzko hitzaldi musikatua egingo dute, eta ostera praktikan jarri. Amaitzeko, Poloniako Poznan hirian, batetik, euskal gaiei buruzko erakusketa bat eta Wlm laburren emanaldiak izango dira abenduaren 3an, eta hilaren 16an, bestetik, hizkuntza eta kolektibo gutxituetako ikus-entzunezko eduki digitalei buruzko mahai ingurua.