Ekainaren 28a egun seinalatua da egutegian, borrokaren eta berdintasunaren sinonimoa. LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Egunak hainbat kolektibok publikoki egiten dituzten ekitaldi ugari biltzen ditu, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen berdintasunaren eta duintasunaren alde borrokatzeko.
Hala ere, gaur egun, munduko herrialde askotan, legeek eta agintariek sexu-aniztasuna jazartzen eta kriminalizatzen dute. Munduko gizartea oso urrun dago aspalditik normalizatua izan behar zuen errealitate bat onartzetik. Baina noraino jo behar dugu egun honen esanahia ezagutzeko? Zergatik egin da hain esanguratsua data hori?
LGBT Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ekainaren 28an ospatzen da, 1969an Stonewalleko (New York) istiluen ondorioz; izan ere, horiek izan ziren homosexualen askapenaren mugimenduaren hasiera markatu zutenak. Egun horretan sarekada bat izan zen Stonewall Inn pubean, New Yorken. Erantzun gisa, modu espontaneoan sortu ziren hainbat manifestazio oldarkor, homosexualen atzetik zebilen sistema baten aurka protesta egiteko eta duintasuna defendatzeko.
“Kolore anitzeko bandera”
Istilu horiek, geroago gertatu ziren beste gertakari batzuekin batera, homosexualen kolektiboaren borrokaren lehen erakusgarritzat hartzen dira Estatu Batuetan eta munduan. Gay Harrotasunaren martxen aurrekaritzat hartzen dira. Ia hamarkada bat geroago, 1978ko ekainaren 25ean, San Frantziskoko Harrotasunaren desfilean, Gilbert Baker artistak, Harvey Milkek eskatuta, Gay Harrotasunaren Eguneko ikur boteretsua izango zena diseinatu zuen: kolore anitzeko bandera.
Harrotasunaren ospakizunek erreibindikazio-oinarria dute; izan ere, munduko herrialde askotan homosexualitatea eta izaera sexual ez-tradizionala kriminalizatuta daude oraindik, eta, beste askotan, legeek babestu arren, ez daude onartuta gizartean.
Aniztasun sexualarekiko errespetuak aldarrikatzen du pertsonek eskubidea dutela beren sexu-orientazioa eta genero-identitatea askatasunez bizitzeko, diskriminazioen eta jazarpenen beldurrik gabe.