Euskarazko “streaming”

Joan den hilabetean euskarazko streaming plataforma batek nolakoa izan beharko lukeen irudikatu zuten Iruñean, Euskaltzaindiak eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioak elkarlanean antolaturiko jardunaldi batean.


Bertan, plataforma sendo baten beharra aldarrikatu zuten guztiek: euskarazko ekoizpenak zein nazioarteko eduki arrakastatsuak euskaraz ikusteko aukera emango duena. Horretarako, Europako araudia eta Espainiako legeria aztertu zituzten, Kataluniako eredua ezagutzeko parada izan zen, eta aurrerantzean eman beharreko pausoez aritu ziren hizlariak. Hainbat eragile, proiektu eta ekoizleren arteko sarea sortzea ezinbestekotzat jo zuten mahaiko aditu guztiek, eta, plataforma horretan, hizkun­tzen tratamendua zein izan beharko litzatekeen ere zehaztu zuten.


Bikoizketaren garrantziaz min-tzatu zen BIEUSE bikoiztaile elkarteko Xabier Alkiza: “Eragile ezinbestekoak gara streaming plataforma bat elikatzeko. Plataformetan euskara entzun nahi badugu, sektorea indartu beharko da. Kanpoko ekoizpen potoloak behar ditugu gurean ere, eta, horretarako, bikoizle txukunak behar dira”.


Bestalde, Kanaldudeko Eki Pagoagak Ipar Euskal Herriko ikuspuntua jarri zuen mahai gainean. Mugak ekartzen dituen zailtasunak izan zituen hizpide lehenengo, estatu bietan, legeria desberdina baita, eta euskara eta euskalkiekiko kezka ere azaldu zuen.