“Euskaraz abestea niretzat naturala da, barnetik ateratzen zait”

Nolatan Xsakara izena?
15 urterekin ezizen bila nengoen etxean, lehenengo abestiak idatzita nituela, eta pare bat egun egon nintzen buruhauste horrekin. Aste batzuetara, saskibaloiko entrenamendu batetik etxera heltzean, sukaldean aurkitu nituen ama eta arreba txikia. Momentu horretan nire amak hau esan zuen: -“Ojalá sacaras las notas de tu hermano”, nire arrebari begira, zeren eta garai hartan nota onak ateratzen nituen eta arrebak ez, nahiz eta denborarekin kontrakoa gertatu. “Sacarás” hori hartu nuen, eta Xabiren ixa kontsonantearekin fusionatu nuen. XSakara izan zen emaitza, kar-kar-kar.


Noiz hasi zinen rap munduan?
Lehenengo abestia 13 urterekin entzun nuen, eta kultura horrenganako interes handia piztu zen nigan. Freestyle edo momentuko rap inprobisazioaren bitartez hobetzen hasi nintzen, eta, hortik, zuzenean, oholtzara.


Durangoko Azokan Lurrikarak disko berria aurkeztu zenuen, harrera bikaina izan duena. Nola bizi duzu arrakasta?
Nire bigarren urtea da Durangoko Azokan proiektu berri bat aurkezten, eta, egia esan, pasa den urtekoa baino harrera askoz ere hobea izan dugu, noski. Lurrikarak gure lan berria arrakasta handia izaten ari da, eta, batez ere, azken hau aurkeztu baino lehen atera genuen singlea, Ez gara betirako abestia. Niretzat, ez da inoiz egin dudan abestirik onena, baina, hala ere, ulertzen dut hainbeste heltzea jendeari, gaiarengatik, besteak beste.


Lo egiteko ezintasuna diagnostikatu zizuten 15 urte zenituenean. Arazotzat hartzen duzu, edo, aitzitik, abantaila­tzat, gauez konposatzeko aukera ematen dizulako? Uste duzu insomnioak beste autore batzuen aldean ezaugarri bereizgarriren bat dakarkizula?
Askotan galdetzen didate, kar-kar. Erantzuna beti da berdina: musika egiteko oso ondo datorkit, baina beste guztien modura bizitzeko arazo handia da, beste ordutegi batzuekin bizi naiz eta.


Zer dakar zuretzat euskaraz abesteak?
Ez dut ezer sentitzen, egia esan, niretzat naturala da, barnetik ateratzen zaidalako euskaraz egitea. Ingurukoak, familia eta lagunak harro daude euskaraz jorratzen dudalako nire musika, baina niri bost axola. Ez dut behartuta egiten, ez da gehiago saltzeko, ez da aitzakia bat edota gauza heroiko bat nire ustez; musika egitea da nire helburua bizitzan, azken finean.


Autotunea gaur egun millennial askok erabiltzen duten baliabide bat da, Bad Bunny, C. Tangana… zure inguruan kritikak jaso dituzu autotunea erabiltzeagatik edo kontu estilistiko horiek gaindituta daude dagoeneko?
Oraindik kritikatzen dute, baita nire lantaldeko kideek ere, esanez gutxiago erabili beharko nukeela autotunea. Ulertzen ditut horrelako kritikak, baina, azken finean, nire pertsonalitatearen barruan dagoen zerbait da; ez da soinua, nota edo akordea, niretzat espresatzeko modu bat da.


Nola uztartzen dituzu zure sormena eta berrikuntzaren bilaketa eta balio klasikoarekiko duzun atxikimendua?
Nire egunerokotasunean gertatzen diren gauzei buruz abesten dut, sentitzen ditudan gauzak eta pen­tsatzen ditudanak. Normala da balio klasikoak –maitasuna, adibidez– nire abestietan aurkitzea, eta, aldi berean, beste gai edo proposamen metaforikoago batzuk. Azken finean, elkarrizketa hau irakurri dezakeen pertsona batek bizi di­tzakeen gauzei buruz hitz egiten dut, eta jendea identifikatuta sentitzen da.


Zure lehenengo kontzertua 16 urterekin eman zenuen tren batean. Nola sortu zen aukera hura, eta zer-nolako eragina izan du zure ibilbidean?
Bermeotik Gernikarako tren bidaia batean gertatu zen dena. Nire lagun batek deitu zidan ea animatuko nintzatekeen bidaia hori alaitzera, zeozer abesten eta inprobisatzen, eta nik gauzak ez ditudanez birritan pentsatzen, baietza eman nion segituan. Bidaiaren erdian treneko gidariak abesteari uzteko esan zidan, zarata izugarria egiten ari nintzelako, baina jarraitu egin nuen, eta onik heldu nintzen Gernikara. Ez nuke esango hortik datorrela, baina bai txikitatik dudan jarrera hau, nahi dudana egitearekin bat datorrena, hor erakutsi nuela publikoki, hortik aurrera eman ditudan kontzertu guztietan.


Egile askok beren burua zen­tsuratzen dute, merkatu komertzialarekin bat egiteko. Inoiz izan al duzu letra bat aldatzeko tentaziorik?
Niri bost axola merkatuak. Superlasai abestian esaten dudan moduan: “Beti noa korrontearen kontra”, baina ez nahita. Komertzialtasunarekin bat nator aspektu edo puntu konkretu batzuetan, baina beste batzuekin bat ere ez. Nahi dudana egin, abestu eta sentituko dut beti, beti, beti. Nahiago dut geratzen zaidan denbora kartzelan eman baina nire buruarekin lasai, entzun nahi ez duten guztia isildu baino.