Telesailak

Netflix plataforman ikusgai
Jesús Mesasek eta Javier Andrés Roigek sortutako thriller generoko telesail espainiarra da. Telesailak 6 atal ditu, eta Atípica Filmsek ekoitzi eta David Ulloak zuzendu du. Javier Castilloren izen bereko eleberrian oinarrituta dago.


Telesaila Málagan hasten da 2010eko Errege Magoen kabalgatako desfilean, 5 urteko neskato baten desagerpenarekin. Urteko unerik magikoena amesgaizto bihurtzen da Martín familiarentzat, Amaya alaba desagertzen denean.


Mirenek (Milena Smit), praktiketan dagoen kazetari gazteak, gurasoei neskatoa aurkitzen laguntzea du helburu, eta, beraz, Millán (Aixa Villagrán) inspektorearen ikerketatik kanpo paraleloki hasiko da lanean. Kazetari lankide baten, Eduardoren (José Coronado), laguntzarekin, Miren neskatoa aurkitzen tematuko da. Neskatoa aurkitzeko ahalegin horrek bere iraganeko gertaera bat gogora ekarriko dio Mireni, ahaztu nahiko lukeen gertaera bat. Ikerketak aurrera egin ahala, Mirenek kasuarekin duen konpromisoa iraganean esperientzia traumatiko bat bizi izanaren ondorio dela ikus daiteke: hiru gizonek kazetaria drogatu eta hondartzan bortxatu zuten.


Istorioa hiru denbora-lerrotan banatzen da, 2010etik, neskatoa desagertu zenetik, azkenean kasua konpondu arte. 2016an bideo-zinta bat agertu eta hedabide lokal batean argitaratzeak neskatoaren kokalekuari buruzko argibide berriak ekarriko ditu, eta funtsezkoa izango da ikerketa berriro zabaltzeko. Hiru urte geroago, 2019an, beste bideo bat agertuko da, neskatoaren bilaketari bultzada emango diona. Mirenen bizitza arriskuan egongo da ikerketan zehar egin dituen aurkikuntzengatik.

Gogoratzen al duzu?

Malcolm in the Middle Fox kateak ekoitzitako telesail iparramerikarra izan zen, eta zazpi denboraldi eman ziren 2000 eta 2006 bitartean.
Malcolm (Frankie Muniz) zen protagonista, seme ertaina, jenioen adimen-kozientea duena. Malcolm bere familia disfun­tzionalarekin bizi da, ama Lois (Jane Kaczmarek) autoritarioa da eta dena oihu eta mehatxuen bidez lortzen du, aita Halen (Bryan Craston) kontrakoa, gizon maitekor eta adeitsua. Francis (Christopher Masterson), Wilkersontarren lehen semea da eta bere portaera txarragatik eskola militar batean amaitzen du. Etxe berean bizi da Malcolmen anaia nagusia, Reese (Justin Berfield). Anaia bezala, adimen handikoa eta sukaldaritzan bereziki trebea da. Anaia gazteenak, Deweyk (Erik Per Sullivan), familiak haurtzaroa hondatu ziola sentitzen du, eta musikan babesa bilatzen du.