Neurozientziaren eta neuroteknologiaren bilakaera geldiezina da. Hurrengo hamarkadetan, gure garuneko informazioa deskodetzeko, zentzumenak anplifikatzeko edo oroitzapenak aldatzeko gai diren gailuak ikusiko ditugu. Izan ere, badira garunean konektatu daitezkeen gailuak, jarduera erregistratzeko
edo aldatzeko, eta oso aurreratuta daude giza adimena deszifratzeko aurkikuntzak. Hor sartzen dira muga etikoak, eta, zentzu horretan, neuroeskubideak ezinbestekoak.
Burmuina organo konplexu eta ezezagunena da, eta, aldi berean, aurrerapen guztiak gorabehera, zalantza gehien sortzen dituena.
Bilakaera azkarreko agertoki teknologiko batean, funtsezkoa da zehaztea gizabanakoek zer eskubide dituzten beren dimentsio mentalari dagokionez.
Neuroeskubideak giza eskubideen nazioarteko esparru juridiko berri gisa defini daitezke, garuna eta haren jarduera babestera berariaz bideratuak, neuroteknologian aurrerapenak gertatu ahala. Mundu juridikoko zientzialariek eta pertsona ospetsuek Nazio Batuen Gutunean sartu nahi dituzte, garunaren jarduera eta datuak babesteko. Urrats garrantzitsu bat 2019an eman zen, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen Kontseiluak (ELGA) onartutako Neuroteknologiako Berrikuntza Arduratsuari buruzko Gomendioarekin, zeinak arlo horretako nazioarteko lehen estandarra ezarri baitzuen.
Neuroeskubideen kontzeptua, hain zuzen ere, arlo horietan lor-tzen ari diren aurrerapenengatik sortzen da, batez ere neuroteknologian, adimen artifizialaren esparruko teknologiekin batera, eta pertsonengan ez ezik, beren portaeran eta nortasunean eragiteko duten potentzialagatik.
Baina zer da neuroteknologia? Garuneko jardueratik datorren informazioa erregistratzen duen edo hura oztopatzen duen edozein teknologia. Adimen artifizialarekin konbinatuta, gizartea funtsean aldatzeko ahalmena du, ekimenaren buru diren zientzialariek diotenez. Erakundearen lana, beraz, kode deontologiko bat garatzea da, neuroteknologian eta bost neuroeskubideen nazioarteko aintzatespenean inplikatuta dauden zientzialarientzat.
Neuroeskubideak: bost gako
Gizakion burua irakurtzeko gutxienez hamar urte geratzen diren arren, zientzialariak eta legelariak bat datoz horien araudia beharrezkoa dela esatean. Horretarako, bost eskubide berri arautzea jarri da mahai gainean: 1. Nortasun pertsonalerako eskubidea. Teknologiei “Neu”-aren zentzua aldatzea debekatzen dieten mugak ezartzeko eskatzen du. Hau da, gizabanakoak autonomia pertsonala mantentzeko duen eskubidea da. 2. Aukerako askatasunerako eskubidea. Personek erabakiak askatasunez, autonomiaz eta borondatez har ditzaten bermatzea, neuroteknologien manipulazioa jasan gabe. 3. Pribatasun mentalerako eskubidea. Pribatutasun digitala datuen babeserako eskubidearen bidez babesten den bezala, pribatutasun mentalerako eskubideak ezartzen du neurona-jardueraren neurketatik lortutako edozein datu pribatua izan beharko duela. Gorde edo biltegiratu behar bada, pertsonek ezabatzeko eska-tzeko eskubidea izan beharko dute. Gainera, datu “neuroen” erabilera merkataritza-helburuekin zorrozki arautu beharko da. 4. Bidezko sarbidea izateko eskubidea. Garuneko jarduera hobetzea helburu duten neuroteknologien garapena eta aplikazioa mugatu eta arautuko duten jarraibideak eta gidalerroak zehazten saiatzen da. 5. Algoritmoen alborapenen aurka babesteko eskubidea. Neurozientziaren ezagutza kulturagatik, koloreagatik, sexuagatik, hizkuntzagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo beste edozein baldintzagatik diskriminaziorik eta bereizketarik ezartzen ez dutela bermatzea.