Badajoz, bost zentzumenekin gozatzeko

Badajoz Espainiako udalerri eta hiri bat da, izen bereko probintziako hiriburua, Extremadurako autonomia-erkidegoan. Portugaletik 6 kilometrora dago, eta Guadiana ibaiak zeharkatzen du. Badajozek kultura-aniztasuneko historia aberatsa, ingurune natural pribilegiatua eta munduko larreen (“dehesa”) hedadura handiena ditu.


Badajoz hiriaren mugako izaerak, 875ean sortu zenetik, espiritu militar nabarmena eman dio. Bere historian zehar bi harresik defendatu dute hiriaren perimetro osoa. Bata Erdi Arokoa, Alkazaba-gaztelua, eta beste bat modernoagoa, Gotorlekuen Barrutia, XVII. mendearen amaieran eraikia. Azken hori gotorleku militarra da, defentsarako elementuz osatua: bastioiak, lubakiak eta kanpoko gotorlekuak. Bestalde, Badajozko Alkazaba-gaztelua XII. mendean eraikitako gotorleku musulmana da, eta mendeetan zehar etengabe handitu da. Europako Alkazaba handiena da; 1.200 metroko harresia eta 8 hektareako azalera ditu. Biak Monumentu Historiko-Artistiko izendatu zituzten 1931n.


Alde zaharrean kale estuak daude, eraikin bitxiez gozatzeko. Esaterako, Plaza Alta, hiriko erdigune neuralgikoa, non arkupeak nabarmentzen diren. Plaza horren ikur nagusia Casas Coloreadas dira. Lau ferra-arkuz osatutako eraikin mudejar ikusgarria da. Bere hiru kolore bereizgarriengatik eta marrazki geometrikoengatik, eraikin hau bakarra da munduan. Hiriko beste monumentu adierazgarrienetako bat La Puerta de las Palmas da; hiria inguratzen zuen harresiaren sarrerako ate monumentala, 1551n amaitu zena. San Juan Bataiatzailearen Katedrala da hiri honetan ikus daitekeen beste ikonoetako bat, XVIII. mendearen hasierakoa. Dorreak 11 metroko zabalera eta 41 metroko altuera du, eta hiru gorputz eta kanpandorrea ditu.


Mérida: erromatar iragana
Extremadurako hiriburua paregabea da, erromatar garaiko kultura-aniztasunari esker. Erromatar antzokia Méridako Monumentu Multzoko elementurik adierazgarriena da. K.a. 16-15 urteen artean inauguratu zen, eta Gizateriaren Ondarea da 1993tik. Gaur egun, jardunean jarraitzen du, eta kon­tzertuak, antzezlanak eta bestelako kultur ekitaldiak egiten dira bertan. El Acueducto de los Milagros Proserpinako urtegitik zetozen urak zekartzan akueduktu erraldoi bat da. Gaur egun, akueduktu horretatik zortziehun metro baino gehiago kontserbatzen dira, eta zenbait bloke lurretik 27 metroko garaieran daude. Méridako zirku erromatarra Inperioan ondoen kontserbatu direnetako bat da, baita handienetakoa ere. Neurriak: laurehun eta hiru metro luze, eta laurogeita hamasei eta erdi zabal.


Gastronomia
Extremadurak munduko larre-azalera zabalena duenez, bertako sukaldaritzako produkturik tipikoenen artean txerri iberikoarenak daude. Badajozeko gazpatxoa klasiko handia da hilabeterik beroenetan, oso freskagarria eta osasungarria baita. Ajoblanco zopa hotz bat da, eta ogia, almendra ehoak, oliba-olioa, baratxuria, ura, gatza eta ozpina ditu osagai. Extremadurako mamiak: ogia, urdaia, piperrak eta txorizoarekin egindako beste plater tipiko bat da.