Durangoko Azokaren 54. emanaldia

Hasiera batean liburuen eta disken azoka bazen, gaur egun euskal kulturaren azoka bihurtu da.

E. GALLASTEGI /2019-11-25/ Durangoko Azokaren 54. edizioa ospatuko da aurten, eta, urtero legez, bertan aurkeztuko dira azken nobedadeak. Alabaina, esan beharra dago azokak aldaketa sakonak izan dituela urteen poderioz. Denbora pasa ahala, azokak eguneratzen jakin izan du, eta horren adibide dugu egun daukan eskaintza zabala. Urrun gelditu da liburuei soilik erreparatzen zien azoka hura. Euskal musikaren industriak urteko eskaintza berriak txertatu zituen bertan, eta urte askoan euskal liburu eta musikaren azoka bilakatu zen Durangoko Azoka.

Egun, berriz, esan dezakegu euskal kulturaren azoka bilakatu dela, izan ere, denetariko diziplinak aintzat hartzen ditu: zinemagintza, antzerkia, artea… Azokak jakin izan du denak uztartzen, eskaintza potolo eta erakargarria eginez. Zortzi gune Eskaintza horren zabala izanik, zortzi gune bereizi dituzte, publikoarengana hobeto heltzeko. 1990etik, liburu eta diskoen azokarekin batera, kulturaren hainbat diziplina ordezkatuz,
gune bereziak elkartzen joan dira Durangoko Azokan, eta Kulturaren Plaza bilakatu da.
Gune bakoitzari dagokion informazioa euren mikrositeetan aurkituko duzue.

Musika profesionalen eta programatzaileen arteko topaketa

Gauzak horrela, areto nagusiaz gain, Kabi@ (digitalaren plaza), Saguganbara (txiki eta handien plaza), Plateruena (kontzertu handien plaza), Ahotsenea (sortzaileen plaza), Irudienea (ikus-entzunezkoen plaza), Szenatokia (arte eszenikoen plaza) eta Azoka TB aurkitu ditzakegu. Bertan, hamaika jarduera daude programaturik. Adibidez, aurten ospatuko da lehenengoz musika profesionalen eta programatzaileen arteko topaketa. Bestalde, ETS, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi igoko dira Plateruenako agertokira.