“Pozgarria da benetan geroz eta erakuslehio zabalagoa eta anitzagoa egotea euskarazko produktuetan”

Benetan zabiz! podcasta Aitziber Grados eta Malen Altunak gidatzen duten podcast gazte eta lotsagabea da, umoretik entretenimendurako sortua. Astero saio berri bat eskaintzen dute, eta saio bakoitzean gonbidatuak dituzte. Ostiralero atal berri bat egongo da entzungai EITB Podkasten, eta igandean Gaztea irratian, 15:00etatik 17:00etara.

  1. Egun modan dago podcast ugari entzutea, eta mota guztietakoak topatu daitezke. Hala ere, euskaraz ez daude horrenbeste, nahiz eta gero eta gehiago egon. Zerk eraman zintuzten euskara hutsean podcast bat sortzera?

Aitziber: Gaur egun euskarazko podkast ugari daude eta gurea da horietako bat. Gure kasuan, Gaztea Irratian Dida! saioan bekadun aritu ostean eskaini ziguten euskara hutsezko podkasta sortzeko aukera, Gaztean emitituko zena eta EITB Podkast plataformako saioa izango zena. Gure podkastaz gain badaude euskarazko beste hainbat. Horiekin batera podkastgintzaren loraldi honen parte izatea polita da, eta euskarazko podkastgintzaren parte izatea are politagoa.

Malen: Zoragarria izan da Gaztea Irratiak emandako aukera podkastgintzaz ikasteko eta gozatzeko! Aitzik esan bezala, beraiek proposatu ziguten euskara hutsezko podkasta egitea, eta guk esku zabalik hartu genuen ama hizkuntzan garatutako proiektu hau egiteko aukera. Badirudi bete betean harrapatu gaituela podkastgintzaren garaiak, eta euskara hutsezkoak ere gero eta gehiago daudela. Pozgarria da benetan geroz eta erakuslehio zabalagoa eta anitzagoa egotea euskarazko produktuetan.

  1. Zerk desberdintzen zaituzte gainontzeko podcastetatik? Nola definituko zenukete zuen podcasta?

Malen: Denetariko podkastak daude gaur egun eta horrek aukera zabala ematen dio entzuleari umorearen, egunaren edota interesen arabera bat edo beste entzuteko. Gure kasuan, Gaztea Irratiako Dida saioan umorezko sekzio bat egiten hasi ginen eta konturatu gabe, esango nuke, horixe bera izan zelan Benetan Zabizen aurrekaria! Hortik tiraka, gure esentzia mantenduta eta gu garen bezalakoak izanda sortzen da Benetan Zabiz. Podkast “salseroa” dela esango nuke, gaiak edozein direlarik ere, umore puntua eta saltsa ateratzen saiatzen garelako. Bestalde, euskalkiaren eta gazte jergaren aldeko apustua egin dugu, bai eta naturaltasunaren aldekoa ere. Sekretu bat konfesatuko dizuet: gidoia egon badago, baina estudiora sartzen garen momentuan idatzitako erdiaz ahazten gara! Gonbidatua eroso sentiarazten saiatzen gara eta konfiantzazko esparru seguru bat lortzen…hortik aurrera dena doa bakarrik!

Aitziber:Zerk desberdindu? Bi neska lotsagabe garela beharbada… ez dakit. Uste dut gaur egungo euskal gazteek egiten dituzten podkastek badutela zerbait komunean; gazteok hitz egiten dugula eta gazteentzako bideratuta daudela. Gaztetasunetik eta gazteon lengoaian aritzen garela. Beste euskarri batzuetan -telebista eta irratietan- orokorrean ez dugu gisa horretako errepresentaziorik eta beharbada horregatik enpatizatzen dugu hainbeste euskal podkast gazteekin.

Gurea hiru hitzekin definitzekotan: gaztea, lotsagabea eta benetakoa. Eta azken adjektibo horretatik tiraka hoberen definituko lukeen hitza “naturala” izango litzateke.

  1. Biak Gaztea Irratian bekadun hasi zineten, eta ez zenuten elkar ezagutzen. Egun zuen artean oso erlazio estua dagoela ikusten da. Nola sortu zen harreman estu hori?

Aitziber: Asko igartzen da gure harremana oso estua dela? Berez Malen eta ni liatuta gaude, baina oraindik berak ez daki. Hala ere entzuleek shippeatu egiten gaituzte, kristona izango litzateke “Benetan Zabiz?” ezkontza egitea. Gonbidatu guztiekin. Mozkorragatik lehenengoa erortzen fijo Aitziber Garmendia izango litzateke. Ea oraingoan Julian Jantzik apezarena egiteari ez dion ezetz esaten. Jajaja ez, bromak aparte… hau serioa da. Malen eta ni karreratik ezagutzen ginen, klase berdinean geunden eta. Master berdina egin genuen gainera, eta nahiz eta komunean lagun onak izan gure bideak ez ziren Gaztea Irratira sartu ginenera arte gurutzatu. Geroztik, eta lana dela medio ez dugu egun bakarra eman hitz egin gabe. Ez Malenekin bakarrik, lan taldeko Oihane Alonsorekin baita ere. Oso lagun onak egin gara, desberdintasunek batu egiten gaituzte, batak bestearengandik asko ikasten duela uste dut. Zeharo konpatibleak gara bai lanean bai pertsonalean. Baina tira, harreman guztietan bezala hori da gogoak daudelako.

Malen: Gaztea Irratiak emandako oparietako bat izan da Aitziber eta Oihane ezagutzea. Oihane sare sozialetan hasi zen bekadun bezala, eta Aitzi eta ni Didan hasi ginen elkarrekin. Bakoitzari sekzio bat egiteko aukera eman ziguten, baina momentuan egindako feeling ona dela medio, elkarrekin egitea proposatu genuen. Bakoitzaren onena ateratzen lagundu digu elkarrekin egoteak, eta helburu profesionalak lortzeko ere indarrak bikoiztu zizkigun gure laguntasunak. Oso pozik nago profesionalki lan talde zoragarria izateaz gain bizitza pertsonalean ere lagun onak bihurtu garelako. Benetan Zabizen esentzia ere bada gure harremana, irratiaren bidez den dena nabaritzen baita! Ez dakit zer gertatuko litzakeen txarto eramango bagina, umorezkoa baino, beldurrezko podkasta izango litzateke beharbada! jaja

  1. Gaur egun sarean leku bat duzun momentuan edo apur bat ezaguna zaren momentuan, haterak sortzen dira. Zuek dagoeneko badituzue?

Malen: Momentuz inor ez zaigu etorri guri edo gure podkastari buruz ezer txarrik esatera… baina auskalo! Nik ere ez nioke ezer txarrik esango inori, hobetzeko proposamen erara ez bada! Egia esan jendea oso atsegina da eta mezu positiboak besterik ez ditugu jaso orain arte. Kalean ere gero eta jende gehiago etortzen zaigu podkastagatik zoriontzera edo entzuten duela esatera, beraz, ez dakit! Egia esan ilusio ikaragarria egiten digute mezu guztiek, bai positiboek, bai kritika konstruktiboek eta baita proposamenek ere. Denak dira ongi etorriak Benetan Zabizeko familiara (familia kontsideratzen gara jada, bai, jiji)

Aitziber: Egongo da gure edukia gogoko ez duenik…fijo. Ezin da euskal gizarte osoaren gogoa asetu.  Ez da gure helburua ezta ere. Sortzen dugun apurra norbaiti ondo badatorkio eta gustatzen bazaio, bikain. Horrela ez bada perfekto baita ere, guretik pasatzera gonbidatuta dago, eta baditu aukeratzeko euskarazko beste hainbat eduki. Kritikak jaso izan ditugu baina konstruktiboak guztiak, proposamen eran. Horiek eskertu egiten ditugu! Guk dakigula ez dugu haterrik, behintzat haterrik ez zaigu manifestatu sareetan. Gertatuko balitz… Benetan Zabizeko iraultza!

  1. Dagoeneko hainbat gonbidatu izan dituzue podcastean, hala nola Albina Stardust, Mikel Lizarralde, Ainhoa Etxebarria, Jone Maguregi… Baina, zein da zuen ametsetako elkarrizketa? Zergatik?

Aitziber: Esango nuke orain arte egindako elkarrizketa askorekin “amets” batzuk errealitate bihurtu direla… Niretzat fuertea izan da txikitatik erreferente izan dituzunekin espazio berean egon eta elkar ezagutzea. Hala nola Aitziber Garmendia eta Ainhoa Vitoria. Polita izan da era guztietako gonbidatuak izatea: erreferenteak, umoregileak, lagunak, psikologoak, aktoreak, artistak, gure karrerako irakasle kuttun bat… plazer bat da guztiekin egotea; batez ere haien konfiantza eskaintzen digutelako eta ireki egiten direlako. Haien “famaz” aparte, gonbidatuak ezezagunak dira guretzat eta haien alde pertsonalarekin konektatzea gustatzen zaigu. Lagun kuttun batekin, etxeko egongelan eta neguko igande arratsalde batean, txokolate beroa hartzearen atmosfera berdina da. Berotasun hori zoragarria da.

Norbaiten “fan-a” izatearen kontzeptua ez daukat oso garatuta, baina elkarrizketa bat aukeratu beharko banu…Malen Altuna aukeratuko nuke behingoz makurtu eta ezkontza proposamena serio egiteko.

Malen: Benetan Zabizek jende interesgarri asko ezagutzeko balio izan digu. Podkasta aitzikia izanda, erreferente askorekin kafetxo bat hartzeko aukera izan dugu eta horixe bera da gure lanak emandako harribitxietako bat. Gehienetan podkastera gonbidatzen ditugun guztiek baiezkoa ematen digute, baina jaso izan ditugu parebat kalabaza ere! Dena den, nire ametsetako elkarrizketa aukeratu beharko banu, beharbada Miley Cyrus gonbidatuko nuke txokora. Sare sozialetarako eduki bezala Hannah Montanaren abesti baten performance-a irudikatu dut nire buruan: Aitzi, Miley eta ni! Ideia ona izango litzateke, ezta? You get the best of both worlds!

  1. Zuen saioak nahiko ganberroak eta dibertigarriak dira. Nola prestatzen dituzue saioak? Aldez aurretik gidoi txiki bat prestatzen duzue?

Malen: Esan beharra dago gidoia beti egiten dugula, gauzak diren bezala! Baina tira, gidoian jarritakotik argitaratzen den horretara ere alde handia egoten da batzuetan. Gonbidatu bakoitzari buruz dokumentatzeak eta gaiari buruz ideak idazteak segurtasuna ematen du grabatzerako orduan, baina gure kasuan, ez dugu inolako arazorik izaten labur geratzearekin, alderantziz! Nahiko  kuxkuxerak gara eta jakinmin handia izaten dugu gurera ekartzen ditugun gonbidatu guztiekin. Elkarrizketak eta gaiak norberak aukeratzeak horixe dakar, gonbidatu guztienganako interes handia izatea jaja! Normalean beti geratzen gara galdera gehiago egiteko gogoekin eta beti moztu behar izaten da zerbait. Ustez 15 minutu irauten dituen sekzioak normalean 40 irauten ditu errealitatean, imajinatu! Kasu horietan gure lankide Oihane Alonsoren lanagatik ez balitz, lau ordu iraungo luke atal bakoitzak!

Aitziber: Gidoi txikia zergatik diozue? Asko igartzen da? jajaja ez dugu ezkutatzen egia esan. Gidoi-plantilla bat daukagu eta bakoitzak ahal duenean betetzen joaten da, tarteka gai edo elkarrizketa puntu posibleak zeintzuk izan daitezkeen komentatzen diogu elkarri. Arrosalik, saioko kolaboratzaileak, bere tartea eta audioak bidaltzen dizkigu eta gidoia osatzen joaten gara. Askotan, grabazio egunaren lehenagoko gauean, baina ez dadila hemendik atera, sekretua da eta. Gidoia ordubete eta hogei minutuko iraupenerako prestatzen dugu baina luzatu egiten gara. Isilik egotea kostatzen zaigu. Eta gonbidatuei baita ere. Gero Oihane Alonso gaixoak postprodukzioan grabazio audioari guraizeak sartu behar izaten dizkio. Kronometro bat erosi zigun aurrekoan denbora kontrolatzeko, eta bigarren denboraldi honetan beraren onerako kontuan izaten dugu. Kris-kras, maite zaitugu Oihane.