Euspot euskarazko spot lehiaketa 2011.urtean sortu zen, sormena eta publizitatearen arloa uztartu nahian, eta hamabigarren edizioa izango du aurtengoa, Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut! lelopean. Lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte, norbanako, talde zein enpresa profesionalek.
30 segundoko iragarki bat sortu beharko da, formatu bertikalean zein horizontalean, “gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko”. STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) gaiak gazteengana hurbildu eta balioestea da asmoa, eta alor horretako eduki eta lanbideen interes eta ezagutza maila handitzea, haien garapen profesionala eta etorkizuneko gizartearen eraikuntzan duten parte-hartzea errazteko.
“Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi dira, pentsamendu zientifikoa sustatuz. Oso teknifikatuta dagoen gizarte batean bizi gara, non erronkak gero eta konplexuagoak eta globalagoak diren. Pandemiarekin ikusi den bezala, erronkei aurre egiteko zientziaren beharra dugu inoiz baino gehiago. Gaur egungo munduaren konplexutasunei aurre egiteko pertsona guztiek hainbat trebetasun izan behar dituzte, diziplina aniztasunetik eta sormenetik abiatuta. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikako (STEAM) hezkuntza eta prestakuntza sustatuz, oro har gizartearen gaitasun zientifikoa hobetu nahi dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Iragarkiak maiatzaren 29ko goizeko hamarrak bitarte aurkeztu beharko dira, Wetransfer bidez bidalita, eta galdetegia ere bete beharko da horretarako. Lehiaketaren oinarriak eta gainerako xehetasunak hemen kontsulta daitezke.
3.000 euro baino gehiago saritan
Sei sari banatuko dira guztira. Spotik onenak 1.000 euro jasoko ditu, Publikoaren Sariaren irabazleak 500 euro, 14 eta 18 urte artekoen Gazteen Saria 500 eurokoa izango da, eta Musika Sinkronizazio Onenaren Saria, berriz, 300 eurokoa izango da. Gainera, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena ere sarituko dute 500 eurorekin, eta Arizmendiko ikasleen spotik onena ere hautatuko dute, 250 euroko ordainsaria izango duena. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 15ean egingo dute, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) izango da edizio honetako babesle nagusia. Antolatzaileak, berriz, Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola dira. Bestetik, Bai euskarari Elkartea eta Music Library ditu laguntzaile.
Iturria: Gaztezulo