Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik 30 urte beteko dira aurten. Hori dela eta, Mintza Eguna ospatuko dute maiatzaren 27an, larunbatean. Egun osoan ekimen ugari izango dira. Goizean, 11.30ean, ongi etorria eta hamaiketakoa, Trinitate plazan. Eguerdian, ibilbide bertsotua, Beñat Gaztelumendirekin. Eguerdian, bazkaria. Arratsaldean, haurren txokoa, malabareak, oreka eta lurreko akrobaziak. Eta egunari amaiera egokia emateko, kantak eta erromeria, 17.00etatik aurrera.
Urteurrena aitzakiatzat hartuta, Euskal Herriko zein diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak batuko dira Gipuzkoako hiriburuan, elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko asmoz. Euskaltzale guztiak ospakizunean parte hartzera gonbidatu dituzte. “Mintzapoza elkarrekin praktikatzen jarraitzeko eta komunitatea trinkotzeko hitzordua izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Bertaratu ez arren, Mintza Eguna jaian parte hartzeko aukera izango da. Izan ere, bigarren urtez, mundu osoko kideekin hartu-emana sortuko dute San Telmo museoko elizan egingo den Mintzodromoan. Hortaz, munduko Mintzalagun eta euskaltzale guztiei egin diete bertan parte hartzeko deia.
Izen-emate galdetegia bete beharko da Mintza Egunean aurrez aurre zein urrunetik parte hartzeko. Autobusen eta otorduaren inguruko informazioa ere eskuragarri dago hemen.
Bi autobus antolatu dituzte bertaratzeko. Lehenengoak Algorta-Erandio-Bilbo-Derio, Iurreta-Eibar-Elgoibar-Donostia ibilbidea egingo du. Bigarrenak Izarra-Murgia-Gasteiz-Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Bergara-Sorazaluze-Donostia zeharkatuko du. Hemen apuntatu behar da autobusez joan nahi baduzu.