‘Udaro’, Durangoko haur eta nerabeentzako udalekuen programa

Durangoko Udalak ‘Udaro’ aurkeztu du, haur eta nerabeentzako udalekuen programa. Ekimen honek Durangoko gaztetxoentzako aisialdi eskaintza bultzatzea du xedetzat. Ekainaren 26tik abuztuaren 4ra ospatuko dute hauxe, eta eta 3 eta 14 urte bitarteko durangarrentzat bideratuta doa. Orotara 500 plaza eskainiko dituzte, udaleku anitzetan banatuta. Hauexek astelehenetik ostiralera ospatuko dira, goizeko ordutegian, 9.00etatik 14.00etara, hain zuzen ere.

Aurrematrikula maiatzaren 4ra bitarte egin ahal izango da, egun hauxe barne. Izen-ematea durango.eus/udalekuak estekan gauzatu beharko da. Matrikulak, berriz, maiatzaren 9tik 16ra egin beharko dira esteka berean. Plazak zozketa bidez banatuko dira.

Urteroko udalekuez gainera, duela bi urte lehendabiziko aldiz antolatutako Kirol Udalekuen edizio berri bat ospatuko dute. Durango Kirolakekin eta hainbat kirol-elkarterekin elkarlanean, familien eskaera sarriari erantzutea bilatuko dute.

Hamabostaldiak 90 euroko prezio izango du, eta hilabete oso batek, aldiz, 150 eurokoa. Bigarren anai edota arrebaren bat inskribatzen duten familiek %20ko deskontua izango dute bigarrenean. Familia ugariek ere onurak izango dituzte, %20 deskontua lehenengoari; %30 bigarrenari; %50 hirugarrenari.

Udalekuen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, herriko Intxaurrondo Gaztegune eta Kulturgunera bertaratu zaitez, Laubideta kaleko 6. zenbakian kokatuta dagoena. Horrez gain, zalantzok intxaurrondo@durango.eus helbide elektronikora bidali daitezke, edota 94 603 00 30 telefono zenbakira deitu, baita whatssap bat bidali 630 81 52 43 mugikor zenbakira, goizeko ordutegian (9.00-14.30).

Bost udaleku mota izango dira guztira. Ekimen oro astelehenetik ostiralera bitartean izango da, goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko ordu biak bitarte. ‘Ingelesez Olgetan’ izenekoa izan ezik, Intxaurrondon izango dena, beste denak Landako Gunean ospatuko dira.

‘Txiki Txoko’ (3-5 urte) eta «Hiri kanpamendua» (6-10 urte) bi txandatan egingo dira, ekainaren 26tik uztailaren 7ra eta uztailaren 10etik 21era. Era berean, «Abentura» izenekoa (11-14 urte) eta «Ingelesez Olgetan» aste berberetan ospatuko dira, bi txandatan ere landuko direlarik. Azkenik, «Kirol Udalekua» (7-14 urte) uztailaren 24tik abuztuaren 4rako hamabostaldian burutuko da.