‘check’ urdina nahi dutenek ordaindu egin beharko dute

Twitterrek kontuak egiaztatzeko balio zuen ‘check’ urdina ezabatu du. Orain arte, jarraitzaile asko zituzten erabiltzaileek lortzen zuten aipatutako marka, egindako lanaren aitortza gisa. Hemendik aurrera, baina, profil egiaztatua nahi duten erabiltzaileek Twitter Blue delako tresna ordaindu beharko dute.  

Muskek ezarritako harpidetza horrek egiaztapen urdina jaso eta txioak editatu, mezu luzeagoak idatzi eta ordaintzen ez duten beste kontu batzuen “feed”ean lehentasunez agertzeko aukera ematen die titularrei, hilabetean 8 euro ordainduta.

Elon Musken azken aldaketak sekulako eztabaida piztu du sarean. Izan ere, orain arte egiaztatze eta errekonozimendu gisa ulertzen genuen ikurrak kontrako esangura hartu du: publikoaren babesa saritu beharrean, ordaintzen duten erabiltzaileen sustatzaile bihurtu da sare soziala.

Hala, ‘check’ urdina mantentzen duen profil bat ikusten dugunean, aipatutako kuota ordaintzen duela jakingo dugu.

Norabide aldaketa kapitalistatzat jo dute askok, eta haserrea eragin du erabiltzaileen artean. Gehienak Twitter Blueren kuota ez ordaintzearen alde agertu dira, horrek euren ikusgarritasunean eragina izan dezakeela jakinda ere.

Bitxikeria gisa, badaude ordaindu gabe marka urdina izaten jarraitu duten hiru pertsonaWilliam Shatner aktorea, LeBron James saskibaloi jokalaria eta Stephen King idazlea. Hirurak azken eguneratzearen kontra agertu diren arren, Muskek haien harpidetza ordaindu eta ‘check’a mantentzea erabaki du, arrazoi ezezagunak tarteko.