Streaming plataformetan euskarak izan beharko lukeen tokiaz hausnartuko dute Iruñean

Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak jardunaldi bat antolatu dute elkarrekin hausnartzeko euskarak streaming plataformetan izan beharko lukeen lekuari buruz. Maiatzaren 4an izango da, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Euskaltzaindiaren iturrien arabera, gaur egun ikus-entzunezkoen arloa ezinbestekoa da euskararen eta euskal kulturaren transmisioan. Gauzak horrela, eta streaming plataformei begira bereziki, legediak eta egoera sozialak aurretik jartzen dituzten erronka eta zailtasunei buruz ariko dira.

Gainera, Ikus entzunezkoen Lege Orokorraren analisia egingo da, euskaratik abiatuta, eta profesionalek eta hedabideek mahai-inguru bat osatuko dute. Halaber, Kataluniako Kultur Enpresen Institutuaren hizkuntza politikak eta Filmin.cat plataformaren esperientziak azalduko dira.

Jardunaldian parte hartuko dute Jon Artatxo Aurtenetxe (Ibaia), Alex Aginagalde López (Euskarazko pantailak), Urtzi Urkizu Adrián (Berria), Francisco Vargas Echeverría (ICEC Institut Català de les Empreses Culturals), Jaume Ripoll Vaquer (Filmin.cat), Maite Goñi Eizmendi (ETB), Xabier Alkiza San Marcelo (Euskal Bikoizleen Elkartea), Gaizka Aranguren Urroz (NAPAR), Eki Pagoaga (Kanaldude) eta Iban Arantzabal Arrieta (Tokikom).

Izen ematea esteka honetan, 948 22 34 71 telefonoan edo nafarroaordez@euskaltzaindia.eus helbide elektronikoan egin beharko da, maiatzaren 2a baino lehen.