M-8a, ala A-5a? Zein izango da jaieguna?

Martxoaren 8a munduko leku askotan nabarmentzen da, emakumeen eskubideak, genero-berdintasunaren borroka, matxismoaren aurkako borroka eta emakumeak historian eta gizartean izan duen rol garrantzitsua ospatzeko eguna delako. Nazio Batuek 1975ean egin zuten egun horren lehen ospakizuna, berdintasunaren, justiziaren, bakearen eta emakumeen garapenaren aldeko urteetako borroka aitortzeko. Ordutik aurrera, Emakumearen Nazioarteko Egunak dimentsio globala hartu du.

Horren harira, bigarren lehen- dakariorde eta Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak egunaren garrantzia azpimarratu nahi du, eta 2024ko martxoaren 8a lan-egutegiko jaiegunetako bat izatea proposatuko die eragile sozial eta instituzionalei. Sailak jakinarazi duenez, proposamena kontsulten ohiko prozeduran sartuko da. Prozedura horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak urteko lan-egutegia ezartzen du. Egutegi horretan Espainiako Gobernuak adierazitako hamar egunei autonomia-erkidegoen bi egun gehitzen zaizkie, eta gainerako biak aldundiek eta udalek ezartzen dituzte, beren tokiko jaiegunen arabera. Era berean, Mendiak gogorarazi du lan-egutegia behin betiko onartzea Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluari dagokiola eta lehenengo seihilekoan egiten dela.

Martxoaren 8a munduan

Mendiak aurkeztutako proposamena aurrera ateratzekotan, Euskadi ez da egutegian martxoaren 8a gorriz markatuko duen bakarra izango. Izan ere, herrialde askok jada jaiegun gisa ospatzen dute: Kuba, Afganistan, Angola, Bielorrusia, Kanputxea, Georgia, Ginea-Bissau, Eritrea, Kazakhstan, Kirgizistan, Laos, Moldavia, Mongolia, Errusia, Vietnam eta Alemania, bereziki Berlinen, non 2019tik gertatzen baita hori.

Gainera, zenbait lekutan, jaie- guna emakumeentzat bakarrik da. Horixe gertatzen da Txinan (lanaldi erdia bakarrik), Mazedonian, Madagaskarren eta Nepalen. Beste kasu batzuetan, hala nola Kamerun, Errumania, Bulgaria edo Jugoslaviako errepublika za- harretan, eguna ez da ofizialki jaieguna, baina enpresa batzuekin ospatzen da modu ofiziosoan, eta egun librea ematen zaie enpresa horietan lan egiten duten emakumeei. Beste herrialde batzuetan, Armenian esaterako, martxoaren 8ak jaieguna izateari utzi zion Sobietar Batasuna erori ondoren, eta apirilaren 7a sartu zen haren ordez Edertasunaren eta Amatasunaren egun gisa. Emakumeen Nazioarteko Eguna jaiegun gisa ospatzen duten estatuen zerrenda ikustea paradoxikoa izan daiteke. Aipatutako herrialde horietako batzuk emakumeen eskubideei salaketa ugari izan baitituzte. Zein da orduan arrazoia? Erantzuna 1917ko Errusiar Iraultzan bilatu behar da, Leninek Emakume Langilearen eguna Sobietar Batasunaren festa ofizial bihurtu baitzuen. Horregatik, Sobietar Batasunaren inguruko herrialde askok jaieguna egutegian mantentzen dute.

Jaiegun ofiziala izanda edo ez, argi dagoena da tradizioz eta aldarrikapenez betetako eguna dela. Manifestazioak, grebak, protestak… eta herrialde batzuetan, hain zuzen ere, kultura- eta erlijio-murrizketen aurkako manifestazioek markatutako eguna izan ohi da.