Amnesty Internationalek munduko giza eskubideei buruzko txostena aurkeztu du

2022an Errusiak Ukraina eskala handian inbaditu izanak gerra krimen ugari eragin ditu, mundu mailako energia eta elikadura krisia eragin du eta sistema aldeaniztuna, berez ahuldua, are gehiago aldatu du, eta ezengorkotasuna zabaldu du munduan. Era berean, agerian utzi du mendebaldeko estatuen hipokrisia, Kremlinen erasoari irmo erantzun ziotelako hainbat alderditan, baina beste leku batzuetan giza eskubideen urraketa larriak onartzen dituztelako. Hala adierazi du Amnesty Internationalek munduko giza eskubideen egoerari buruzko urteko azterketa aurkeztean.

Errusiak Ukraina inbaditu du eskala handian, eta horrek azkenaldiko larrialdi handienetako bat eragin du arlo humanitarioan eta giza eskubideenean. Gatazkak, mundu osoan desplazamendu masiboak, gerra-krimenak eta energia- eta elikadura-segurtasunik eza eragiteaz gain, gerra nuklearraren mehatxu kezkagarria ere astindu du.

Erantzuna berehala iritsi da: mendebaldeko estatuek zigor ekonomikoak ezarri dizkiote Moskuri eta laguntza militarra bidali dute Kievera; Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikerketa abiatu du Ukrainan egin bide diren gerra krimenen inguruan, eta NBEren Batzar Nagusiak Errusiaren inbasioa gaitzestearen alde bozkatu eta erasotzat jo zuen. Ekimen horrek, nahiz eta harrera ona izan, Errusiak eta beste herrialde batzuek egindako giza eskubideen urraketa masiboen aurreko gertakariei eman zaien erantzunarekin kontraste nabarmena egiten du.

Horrela ondorioztatu du Am- nesty Internationalek 2022/23. Giza eskubideen egoera munduan izeneko txostenean. Mundu osoan egiten diren giza eskubideen arloko gehiegikeriei emandako erantzunek (Saudi Arabiaren giza eskubideen historiari buruzko isiltasuna, Egiptoren inguruko pasibotasuna eta palestinarren aurkako Israelgo apartheid sistemari aurre egin nahi ez izatea barne) inpunitatea eta ezegonkortasuna indartu dituzte. Txostenak nabarmentzen du, halaber, Txinak esku gogorreko taktikak erabili dituela gizateriaren aurkako krimenen gaineko nazioarteko ekintza eragozteko, eta erakunde globalek eta eskualdekoek ez dutela ekintzarik egin milaka pertsona bizia galtzen ari diren gatazkei (Etiopia, Myanmar eta Yemen) behar bezala erantzuteko.

“Agnès Callamarden iritzia”

“Errusiak Ukraina inbaditu izana modu ikaragarrian erakusten du estatuek egoki deritzenean nazioarteko zuzenbidea urra dezaketela eta giza eskubideak urra ditzaketela ondorioak ordaindu gabe”, adierazi du Agnès Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak.

“Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala duela 75 urte sortu zen Bigarren Mundu Gerrako errautsetatik. Funtsean, pertsona guztiek oinarrizko eskubideak eta askatasunak dituztela unibertsalki aitortzea dago. Munduko botere-dinamikak kaosean murgilduta dauden arren, giza eskubideak ezin dira hainbeste nahasteren erdian galdu. Mundua gero eta lurrunkorragoa eta arriskutsuagoa den ingurune batean gidatuko duen itsasargia izan behar dute. Ez dezagun itxaron mundua berriro erre arte”, gaineratu du.

“Errusiak Ukraina inbaditzeari emandako erantzunak agerian utzi du zer egin daitekeen borondate politikoa dagoenean: mundu osoak kondenatu zuen, egiten ari ziren krimenei buruzko ikerketak hasi ziren eta errefuxiatuei mugak ireki zitzaizkien. Erantzun horrek eredu gisa balio behar digu”, adierazi du Agnès Calla-mardek.