TOKIKOMen urteurrena

TOKIKOMek 10. urteurrena ospatu zuen martxoan Getxon. Hitzordua, etorkizunaz eta erronkez hausnartzeko erabili zuten bertara gerturatu zirenek. Jardunaldi horretan, toki komunikabideek gizartean duten zeregin garrantzitsuaz hausnartu zen, beste toki komunikabide sare batzuekin abiatutako elkarlanean sakonduz eta etorkizuneko erronkei begira jarriz: digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu kazetaritza, demokrazia soziala…

TOKIKOM euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarea da. 2012an sortu zen, ordura arte Topagunean bildutako toki komunikabideek Hedabide Sailari gorputz juridiko propioa ematea erabaki zutenean, sektorearen behar bereziei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko. Une honetan, TOKIKOM sozietate mugatua da, ondoko zeregin hauek dituena: toki komunikabideen solaskidetza bateratua, jarduera esparru komunen kudeaketa eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea.

Gaur egun, TOKIKOMek 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala. Talde gisa, TOKIKOMek era guztietako produktu eta zerbitzuak eskaintzen dizkie bazkideei, euren eguneroko lana errazteko. Taldetik kanpora, berriz, TOKIKOMek marketin eta komunikazio lanak eskaintzen ditu, atzean duen komunikabide sarearen sinergiak aprobetxatuz.