Euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena

Nafarroako Gobernuak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hitzarmena sinatu dute euskararen erabilera sustatzeko. Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, eta Iraitz Lazkano, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Sinadura ekitaldian izan dira Mikel Arregi, Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, eta Aitor Elexpuru Berako alkate eta UEMAko zuzendaritza kontseiluko kidea. Bi erakundeen artean ezartzen den lehen akordioa da, eta 30.000 euroko aurrekontua izango du.

Ollo kontseilariak, hitzarmena Euskarabidearen ardatz estrategikoen barruan kokatu duenak, “euskarak espazio propioak izatearen eta bere funtzio sozialak garatzeko aukera izatearen garrantzia” nabarmendu du, eta, ildo horretan, gogorarazi du “eremu horretan ezinbestekoak direla arnasguneak, udalerri eta es- kualde euskaldunak deiturikoak, hizkuntzaren arloko politika pu- blikoek babestu beharrekoak”.

Akordioaren helburuak

Akordio horren bidez, udaletako euskararen erabilera planak berrituko dira, Kemen izeneko metodologiaren bidez, eta hizkuntzari buruzko aholkularitza emango zaie udalei. Era berean, kulturartekotasun-proiektu bat garatuko da toki-erakundeetan, bai eta hezitzaileak prestatzeko ekintzak ere. Itzulpen-zerbitzua emango zaie udalerriei, eta udalekuak antolatuko dira.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 14 herrik osatzen dute Nafarroan: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun, Leitza eta Lesaka. Epe laburrean Doneztebe eta Arruazu ere bertan izatea aurreikusi da.