Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatutako Kimuak programak euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzea du helburu. Deialdi honetan hautatutako film laburrak nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.
Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2022eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Iaz bezala, EAEko lanez gain, Nafarroako euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke. Filmek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute.
Film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 8an amaituko da. Eskaera-orria, eskatutako agiriak eta film laburra kimuak@filmoteka.eus helbidera bidali beharko dira, deskargatzeko aukera aktibatuta duen Vimeo-ko esteka pribatu bat gehituta.
Katalogoa gehienez zazpi film laburrez osatuko dute. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.