Víctor Manuel, Camela, E.T.S., Huntza eta Lágrimas de Sangre taldeen emanaldiak izango dira 2023ko andre maria zuriaren jaietan

Hiriko gazteek bozkatu zituzten Foru Plazan joko duten taldeetako hiru, Udalak Instagramen bidez egindako inkesta batean

Abuztuaren 4tik 9ra ospatuko dituzte Gasteizen zaindariaren jaiak, eta adin guztietarako jardueren egitarau osoa antolatu dute. Hiriko hainbat agertokitan musika-emanaldiak izango dira, esaterako, Foru Plazan.

“Askotariko ekitaldien egitaraua diseinatu dugu Andre Maria Zuriaren Jaietako agertokirik jendetsuenerako, adin guztietarako proposamen erakargarriekin”, esan du Maider Etxebarria alkateordeak. “Balio handia ematen diogu gure hiriko gazteen iritziari; hori dela eta, Foru Plazan joko duten bost taldeetatik hiru eurek bozkatu zituzten, joan den abenduan Instagramen egin genuen inkesta batean”, gehitu du.

2023an E.T.S (En Tol Sarmiento) taldeak emango dio hasiera espazio honetako egitarauari, abuztuaren 4an. Yécora taldeak haren azken diskoa aurkeztuko du, ‘Guretzat’ izenekoa. Haren ibilbideko seigarren diskoa da; popa besarkatzeaz gain, beste estilo batzuk ere biltzen ditu, hala nola, soinu latindarrak, reggaetoia, musika elektronikoa eta flamenkoa.

E.T.S izan zen Instagrameko inkestan boto gehien jaso zituen taldea. Kultura eta Gazteria Saileko udal-zerbitzuek egin zuten inkesta, joan den abenduan, hiriko 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta.

Abuztuaren 5ean Camelaren gaua izango da, herrialdeko tekno-runba estiloko talderik garrantzitsuenarena. Madrilgo taldeak haren azken laneko (‘Que la música te acompañe’, non ‘Star Wars’-i tributua egiten dion) abestiak eta betiko abestiak nahastuko ditu.
Victor Manuel abuztuaren 6an iritsiko da Gasteizera. Asturiar abeslaria banda formatuarekin helduko da Foru Plazara, ‘75 aniversario. La vida en canciones. El escenario lo cura todo’ biraren baitan. Aparteko kontzertua izango da, eta abestiz, bizipenez eta anekdotaz betetako ibilbidea laburtuko du, arreta handiz aukeratutako errepertorioaren bidez.

Abuztuaren 7an Lágrimas de Sangre (LDS) taldearen txanda izango da. Rap oldarkorreko taldea da, baina beste estilo batzuk ere ukitzen ditu, hala nola hip hopa, rocka edo reggaea. Energia ona eta jai-giroa dira kataluniarren zuzeneko emanaldien bereizgarriak. Udalak Instagramen egindako inkestan boto gehien jaso zituen estatuko rap taldea izan zen.

Foru Plazako kartela Huntzak itxiko du, abuztuaren 8an. Talde hori ere hiriko gazteek bozkatu zuten. Rockaren eta folkaren artean mugitzen diren abestiekin gozatuko ditu Gasteizko publikoaren belarriak talde euskaldun honek. Taldearen azken kontzertuetako bat izango da; izan ere, hamar urteko musika-ibilbidearen ondoren, bereizi egingo direla iragarri dute taldekideek.