Arraroa da film bikoiztu bat ikusten dugunean nork jarri dion ahotsa geure buruari galdetzea, baina gure errespetua merezi duen profesional-talde batek egin du lan hori, eta haiek gabe ezin izango genuke produktu horretaz nahi dugun hizkuntzan gozatu. Ildo horretan, orain, Zineuskadi elkarteak Zinema Euskaraz programarako bikoizketa eta kontrol teknikoaren zerbitzua kontratatzeko baldintza teknikoen agiria plazaratu du, «programaren barruan hautatutako filmen merkataritzako ustiapenerako film luzeen, animazioen eta dokumentalen bikoizketa- eta azpititulu-zerbitzua» kontratatzeko, hain zuzen ere.
Zeintzuk dira bete behar diren baldintzak? Bada, aurkeztu nahi duten enpresek gutxienez hamar film luze aretoetarako bikoiztuta izan beharko dituzte edo, kasu batzuetan, langileak izan beharko dira gutxieneko hori aurkezteko gai. Horrez gain, proposamen ekonomikoaren eredua helarazi beharko du, baita ahotsen agenda (langileak eta autonomoak) zerikusia duten lanen erreferentziekin eta horietako bakoitzarekin (bikoiztaile bakoitzari) lotutako erregistroen zerrenda; honen bilakaera hurrengo hiru urteetarako, ahots berriak detektatzeko eta erakartzeko politikak eta langileen CVak.
Oinarrietan zehaztua dagoenez, zerbitzua zatituta, gehienez, hiru onuradunei esleituko zaie eta gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera edo alemanez egongo diren jatorrizko gidoiak euskarara ekarri beharko dira urtebetez. Ildo horretan, klausula batek zehazten duen bezala «alderdiak ados egongo balira, kontratua behin luzatu ahal izango da, gehienez ere hasierako kontratuko iraupenarekin».
Esleipenduna produkzioa bermearekin egiteaz eta produktuaren kalitate teknikoa kontrolatzeaz (masterra edo kopia, egin behar duten kasuetan) arduratu beharko da hasieratik, amaierako produktua Zineuskadi elkarteari entregatu arte. Eta, azkenik, kalitate teknikoko arazoak egonez gero, eragindako kalte-galeren arabera zehaztuko den kalte-ordaina aurrez ikusi beharko da.