Crossover Telesailen Kultura Jaialdiaren seigarren edizioan eztabaidak, estreinaldiak, elkarrizketak, eta jolas-jarduerak izango dira, gaurtik hasi eta larunbatera bitarte.
Gaur, hilak 28, Tabakalera Zineman, Javier Cámara eta Mónica López protagonista dituen Rapa telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko da esklusiban. Hurrengo egunean, berriz, Barbara Ferrek zuzendutako Selftape telesail berria aurkeztuko da.
Ostegunean, hilak 30, KMKn, Bosé jatorrizko telesailaren hirugarren atala proiektatuko da. Miguel Bosék eta Julio Iglesiasek izan zuten harremana kontatzen du atalak.
Hitzaldiak, mahai-inguruak eta ekimen berriak
Jaialdiak atal berri bat izango du aurtengoan: “Ikusle gonbidatua”. Bertan, kulturaren munduko jendeak gustuko dituen telesailei buruz eta horren zergatiaz hitz egingo du, ikusteko eta gozatzeko duten moduaz eta telesailen kulturaz duten ikuspegiaz. Harkaitz Cano idazleak, Liher taldeko Lide Hernando musikariak, Iratxe Fresneda zinemagileak eta Enric Albero kazetari kultural eta kritikariak hartuko dute parte. Saioak 17:30ean egingo dira Koldo Mitxelena Kulturunean, astelehen, astearte, ostegun eta ostiralean.
Hainbat eztabaida ere antolatu dituzte askotariko gaien inguruan aritzeko, hala nola feminismo berria, gorputz ez normatiboa eta aniztasuna, telesailetako arkitektura, intimitate koordinatzaileak eta krimena irudikatzeko moduak.
Hitzaldiak eta mahai-inguruak gaur hasiko dira. Borja Cobeaga eta Diego San Jose izango dira, Esty Quesada “Soy una pringada” youtuber eta aktorearekin batera. Gainera, EITBren Vaya Semanita saioa omenduko da, eta bertan izango dira programako kideak eta gidoilariak.
Bihar, hilak 28, Eta gazteentzat, zer? atalean, María Redondok (Goazen!) eta Nahia Sillerok (Irabazi arte) gazteentzat pentsatutako telesailei buruz hitz egingo dute Gaizka Izagirrerekin, telesail horiek gazteen gai eta kezkekin bat egiten duten jakiteko.
Asteazkenean, hilak 29, KMKn, Baipasa magazinaren Zer ikusi atalaren zuzeneko emanaldia egingo dute. Gaizka Izagirre, Eider Saez, Ibai Zabala eta Olaia Urtiaga historian zehar izan diren bost telesail onenen inguruan arituko dira. Bestetik, Ibon Martin eleberrigilea, eta Jon Udakiola Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko burua. Biek krimenaren fikzioari eta errealitateari buruz hitz egingo dute.
Ostegunean, hilak 30, 18:00etan, KMKn, sexua telesailetan nola filmatzen den izango dute hizpide Nacho telesaileko protagonista diren Maria de Natik eta Miriam Giovanellik eta telesailaren sortzailea den Teresa Fernández Valdések. Egun berean,Tabakalerako 2deo ikus-entzunezkoen laborategian, Serie Hablada programako saio bat egingo da, Autodefensa telesailaren sortze prozesuaz.
Ostiralean, hilaren 31n, Ezinezko arkitektura izenburuko saioa egingo da, eta telesailek ez dituztela benetako arkitekturaren ereduak jarraitzen azalduko dute.
Telesailak eta gastronomia
Ostirala Gourmet Telesailak atal berriarekin amaituko da. Atal horrek telesailei buruz hitz egitea proposatzen du, menu goxo bat dastatzen den bitartean. Telesailen afariko gonbidatuak Alberto eta Laura Caballero anai-arrebak izango dira, Covent Gardeneko areto ingelesean.
Larunbatean, apirilak 1, 12:00etan, Tabakalerako LABen, telesailak gastronomiara nola hurbiltzen diren azalduko dute, The Bear, Hannibal eta Foody Love filmeak adibidetzat hartuta. Basque Culinary Centerreko Jorge Bretón eta Sasha Correak aperitibo-elkarrizketa seriefilo bat eskainiko dute.
Jaialdia amaitzeko, ohiko Telesailen Borroka izango da. Adriana Izquierdo, Belén Prieto, Mikel Sánchez eta Álex Pruñonosa arituko dira, Ylenia Benitok moderatuta.