‘Collins Elhuyar’ euskara-ingelesa hiztegia kontsultatu daiteke sarean

Elhuyarrek baliabide berria jarri du gizartearen eskura, doan, ingelesa zubi hizkuntzarik gabe ikasteko, ‘Collins Elhuyar’ euskara-ingelesa hiztegia kontsultatu daiteke hemen. Honi esker, ingelesa ikasten ari diren euskaldunek ez dute ingelesa-gaztelania edo ingelesa-frantsesa hiztegien beharrik izango. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean 31.700, eta ingelesa-euskara atalean 33.400.

Elhuyarrek jakinarazi duenez, hiztegi honen lehen bertsioa paperean kaleratu zen, 2016an. Orduan, ingelesa-euskara atala osatzeko, ‘Collins Concise Spanihs Dictionary’ hiztegia hartu zen oinarriz, eta ‘Euskaltzaindiaren Hiztegia’ ezinbesteko erreferentzia izan zen, Elhuyarren euskara-gaztelania hiztegiarekin batera. Collins argitaletxea bera ere «harro» agertu da horrelako proiektu batean Elhuyarrekin elkarlanean aritu izanaz, «behar-beharrezkoa baita ingelesa-euskara hiztegia egiteko».

about:blank

Papereko lehen argitalpenetik, hiztegiak hainbat eguneratze izan ditu, eta bertsiorik berriena dago kontsultagai orain Elhuyarren hiztegi orokorren webgunean, euskara-gaztelania eta euskara-frantsesa hiztegiekin batera. Hiztegi hau, Elhuyarren besteak bezala, dinamikoa eta bizia da, eta etengabe eguneratuko da aurrerantzean ere. Baliagarria izango da eguneroko lanerako hainbat erabiltzailerentzat; besteak beste, ezinbesteko tresna izango da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat. Webgunean ez ezik, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsulta daiteke (Android eta iOS).