Elhuyarrek proiektu bat jarri du martxan gazteek ingurumenarekiko jarrera arduratsua izan dezaten

Elhuyarrek ‘2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko’ proiektua jarri du abian, iraunkortasunaren eta ingurumen-larrialdien aldeko gazteen jarrera arduratsuak eta aktiboak lantzeko. Gainera, haien etorkizuneko aukeretan eragiteko, eta etorkizunean kalitatezko enpleguak lortzeko aukerak eskaintzeko egin da.

Proiektuarekin batera, adituen eta parte hartzaileen arteko hausnarketa egiteko foroa sortu da gazteen STEM gaitasunen eta gaitasun ekologikoen mesederako. Hausnarketa hauekin eta zenbait lanketaren ondorioz sortutako edukiekin, hezkuntza-sistemako irakasleentzako baliagarriak izango diren baliabideak, metodologiak eta tresnak sortu eta gizarteratu nahi dira. Horrez gain, Elhuyarreko Zientzia Unitatean jasangarritasunaren eta ingurumen larrialdiaren inguruko komunikazioan eta proiektuetan kontuan izan beharreko irizpideak, gakoak eta ikuspegiak landuko dira, dekalogo batean jasoko direnak.

about:blank

Modu paraleloan, eta egitasmo honen barne ere bai, gazte talde bat ikerketa erreal batean oinarritutako proiektu pilotu batean parte hartzen ari da. Gazteak, Alegiako Aralar BHI ikastetxeko DBHko ikasleak dira, eta Iker Aranjuelo Mitxelena Nafarroako CSICeko Agrobiologiako Institutuko ikertzailearen laguntzarekin, Tolosaldeako hainbat tokietako airearen kalitatea aztertzen ari dira biomonitorizazioaren bitartez. Prozesuan, gazteek esperimentuak, laginketak, bisitak eta aurkezpenak egingo dituzte.

‘2022-2023 Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko’ proiektua 2019an abiatu zen ideiaren jarraipena da, eta gazteen posizionamendu zientifiko teknologikoan eragiteko helburu berarekin jarraitzen du. Proiektuak izan dituen fase desberdinetan lortutako emaitzak liburuxka bilduma batean jasota daude, eta proiektu honetatik sortutako edukiekin, bildumaren liburuxka berria sortzea aurreikusten da.