Kontseiluak ostegunean 2019ko balantzea eta hurrengo urteetarako erronkak aurkeztuko ditu

Kontseiluak antolaturiko beste ekimen bateko argazkia.

UNAI GANDARIAS /2019-11-25/ Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2019. urteko irakurketa eta aurrera begirako erronkak aurkezteko ekitaldia egingo du azaroaren 28an, ostegunarekin, Orona IdeokoGallery espazioan,Hernanin(Gipuzkoa).

Duela bi urte ekin zion Kontseiluak urteko irakurketa egiteari, eta aurten ere “interesgarritzat” jo du ariketa hori egitea. “Denboraren abiadurak ez digu askotan aukerarik ematen egindakoa eta gertatutakoa modu pausatuan aztertzeko, eta ondorioz, etorkizunari begirako urratsak deJnitzea zailtzen digu”, azaldu dute Kontseilutik

Hori ez gertatzeko, edo gerta ez dadin laguntzeko behintzat, Kontseiluak hizkuntza politikarekin lotutako gertaera nagusienak bildu ditu eta modu ordenatu batean eskainiko ditu azaroaren 28ko ekitaldian.

“Izan ere, horixe da dokumentu honen helburu nagusiena. Urtean zehar izandako gertaerak jasotzea eta sailkatzea, eta horietan oinarriturik hurrengo hilabeteetako jarduna bideratzea. Esaerak dio atzeak erakusten duela aurrean nola dantzatu, eta, beraz, dantza nola egin zehazteko ekarpena egin nahi izan dugu”, adierazi dute.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta Anabel Arraizak aurkeztuko du. Urteko irakurketa Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egingo du, eta euskalgintzako eragileak bilduko dira bertan.