“Paradisu zinema” musika beka sortu dute, Iñigo Muguruzaren omenez

Elkar Argitaletxeak, EHZ Festibalak eta Antxeta Irratiak I. Paradisu Zinema Musika Bekarako deialdia egin dute, musikarien lanak sustatu eta laguntzeko asmoz. Beka deialdiari esker, diskoa grabatu eta argitaratu ahal izango da.

Musika lanak grabatzeko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, eta saririk jaso edo argitaratu gabekoak. Deialdian parte hartzen dutenek sormen lanaren azalpena, 1-3 orri bitartekoa, lanaren lagina, gutxienez bi kanturen grabaketa, eta datu pertsonalak aurkeztu beharko dituzte. 

Lanak aurkezteko epea bihar hasiko da, hilaren 22an, eta ekainaren 30ean amaitu. Lanak paradisuzinemabeka@elkar.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, baina posta arruntez ere izango da aukera. 

Epaimahaia EHZ Festibaleko Joana Barbierrek, Elkar Musikako Andres Camiok, eta Antxe Irratiko Maia Muruagak osatuko dute. Bekak 10.000 euroko balioa izango du; erdia Elkar estudioetako orduetan emango da, grabaketa eta edizio lanetan, eta beste erdia argitalpen kostu eta sustapenerako. Irabazleak urtebete izango du, asko jota, lana amaitzeko, eta gutxienez hamar kanta izan beharko ditu. Gainera, 2024ko EHZ Festibalean jotzeko aukera izango du beka jasotzen duenak.