Doinuele jaio da, euskal irakurle eta zaleentzako euskarazko plaza berria

Doinuele jada martxan da, euskal irakurle eta zaleentzako euskara hutsezko plaza berria. Egitasmo berri honen bidez, ikus-entzuleei kultur ibilbide bat proposatuko zaie Euskal Herrian barrena, euskarazko kultur proposamenak gomendatuz eta baita horien artean hartu-emanak ahalbidetuz ere.

Izan ere, urtero milaka kultur ekimen lantzen dira gurean, euskarazko liburu eta diskoak aditzera emateko ahaleginean, hala nola, azokak, egitarau bereziak, hitzaldiak edota jardunaldiak, tarteko. Doinuele hitzordu guzti hauen artean sareak ehuntzera dator, indarrak uztartzea bilatuaz.

Testuinguru horretan hainbat dira azken urteotan sortu diren azokak: Azkoitian (Geure Gelatik), Baztanen ((H)ilbeltza), Galdakaon (Sormene), Hernanin (Liburu eta Disko azoka), Lazkaon (Liburu eta Disko azoka), Saran (Ikusi Mikusi), Zarautz (Literaturia) edotata Ziburun (Liburu eta Disko Azoka). Zortzi herri eta hautu bat batu dira Doinuelera, euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea, nahiz euskal literatura eta musikagintza bultzatzeko erronkan.

Zortzi herri hauexek errealitate anitzak bizi dituzte gaur egun: batzuetan euskara ofiziala da, baina ez derrigorrezkoa, besteetan koofiziala edota soilik toleratua. Baina denek arazo konkretu bera aurkezten dute, euskarari legezko babes ofiziala bermatu edo ez, euskara hutsez bizitzeko ezintasuna. Nahiz eta azken urteotan euskararen ezagutzak gorakada bat sumatu, hizkuntza honen erabilera eskasa izaten jarraitzen du.

Hori dela medio, Doinueleren bitartez euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa, entzulegoa bereganatu nahi dute, haur, gazte, heldu, zein zahar izan. Horretarako Doinuelek hainbat erronka ditu mahaiaren gainean: euskaraz bizi den sarea hedatzea, azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, proiektuok euskararen komunitatearen topaleku eta izpilu bilakatzea, edota kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatura aldizkariak sostengatzea.