Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko festa maiatzaren 14an ospatuko da, Senperen. Edizio borobila izango da aurtengoa, eta 40 urte beteko ditu aurten. Beraz, hain ospakizun berezia izanik, dena izango da puntakoa. Hasteko, abestia ere. Aurten, ohore hori, Su Ta Gar talde eibartarrari egokitu zaio. ‘Urratsak zubi’
Aitor Gorosabel abeslariak onartu du «ohore bat» bezala bizi duela Herri Urratsen abestia egitearen eskaera. «Mundu guztiarentzat egokia den kantu bat» sortu nahi izan dutela azaldu du. «Euskarak nire bizitzan zer suposatu duen begiratuz, euskara mundua ikusteko era desberdin bat delako», gaineratu du. Antolatzaileen esanetan, «historiara pasako den abesti bat da». ‘Urratsak zubi’ abestia Su Ta Gar-i egokitu bazaio ere, bideoklipa Inge Arinen kontua izan da. Abestia plataforma digital guztietan eskuragarri dago. Bideoklipa ere ikusgai dago Youtuben.
Aurtengo leloa ere ‘Urratsak zubi’ da. Festaren izenarekin hitz-jokoa osatu dutelarik. Herri Urratsek azken 40 urteotan «zubi lan handia» egin duela aldarrikatu zuten antolatzaileek, bai «Iparraren eta Hegoaren», bai «euskararen eta jendartearen artean», besteak beste. Logoan ere «egindako ibilbide emankorra azpimarratu» nahi izan dute, Herri Urrats hitzak 40 zenbakiaz lagunduta agertzen direlarik.
Herri Urratsen alde antolatu duten hurrengo hitzordua apirilaren 1ean izango da. Bertso afari bat izango da eta bertan izango dira Maialen Lujanbio eta Jon Maia. Sara eta Zugarramurdi artean kokatuta dagoen Urtxola jatetxean izango da, 20.00etatik aurrera. Izena emateko 0624476523 telefonora deitu behar da edo whatsapp bat bidali. Afaria 30 euro izango da.