“Ez naiz inoiz Dublinen egon”, komedia antzezlan arrakastatsua

Ez naiz inoiz Dublinen egon besteen bizipen eta sinesmenen onarpenari buruzko komedia garratza da. Bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugulako; baina noraino gara gai besteenak onar­tzeko?
Amesti familia Gabon-gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin.
Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu edo ez erabaki beharko dute. Gau zoro honetan zehar, bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.
Euskal Herriko antzezlekuetan zehar dabiltza Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitartea eta Aitziber Garmendia, antzezlana interpretatzen. Dagoeneko hainbat hiri eta herritan egon dira, baina oraindik aukera dago antzezlana ikusteko, izan ere, martxoan ondorengo lekuetan egongo dira: Santurtzin, Azkoitian, Gasteizen, Hernanin, Elorrion eta Igorren.