“Euskal talde eta musikari askok inspiratzen gaituzte”

Nola konposatzen dituzue abestiak eta musika?
Abestien konposaketa taldean lantzen dugun zerbait da. Normalean, taldekide batek kantuari hasiera ematen dion ideia bat ekartzen du lokalera. Momentu horretan, ideia horren inguruko sentsazioak elkarbanatzen ditugu: zer puntutan dagoen, zer gauza gustatzen zaizkigun, zer gauza hobetu daitezkeen… Hortik abiatuta, lanean hasten gara, eta prozesuari ekiten diogu elkarrekin.
Kantuen jatorriari dagokionez, gure egunerokotasuneko egoerak, sentimenduak, kezkak… mahai gainean jartzen ditugu abesti bat idazterako orduan. Azken finean, zerbait idazten dugunean gurekin zerikusia duten gaiak uztartu behar ditugu, letrekin nolabaiteko lotura bat sentitu nahi badugu.
Zuen hirugarren galderari eran­tzuteko, esan beharra dago hasieran letra eta musika bakoitza bere aldetik lantzen genituela, baina geroz eta gehiago elkarbanatzen dugu letrak idaztearen prozesua. Laburbilduz, letren prozesua eta musikaren prozesua berdinak dira: norbaitek ideia bat ekartzen du eta horren inguruan lantzen dugu, lokalean bilduta.

Leioa eta Algortakoak zarete. Nola ikusten duzue panorama musikala gaur egungo Euskal Herrian?
Panorama oso interesgarria jar­tzen ari dela sentitzen dugu. Guda Dantzarekin hasi ginenean, euskal talde asko zeuden gure erreferenteen zerrendan; denborarekin, euskal taldeekiko sentitzen genuen identifikazioa gal­tzen joan zen. Azken bolada honetan, egoera honi buelta eman diogu, eta euskal inguruan inspiratzen gaituzten talde eta musikari asko identifika ditzakegu. Adibide bat jartzearren, STR taldea aipa genezake. Taldea Ander Basañez (saxofoia), Jon Basañez (tronpeta), Alain Beraza (ahotsa), Iker Maguregi (bateria), Jon Maguregi (gitarra) eta Eneko Ajangizek (baxua) osatzen duzue.

Nolakoa da zuen artean duzuen giroa?
Topikoa dirudi, baina Guda Dan­tza familia bat da, modu literalean gainera: Iker eta Jon Maguregi anaiak dira, Jon eta Ander Basañez ere bai. Hamaika urte inguru daramatzagu elkarrekin, taldea zaintza gune baten moduan ulertzen. Taldearen esperientzia bilaketa prozesu bat da guretzat. Onena da, urte hauetan zehar, gure gustu eta interes pertsonalak taldearekin garatzen joan direla, modu paraleloan.


Taldea osatu zenutenean oso gazteak zineten, zuen musika estiloa zuek bezala heltzen joan da?
Erabat. Naturala izango litzateke hasiera batean batzen gintuena denborarekin haustea, baina, aurretik esan dugun moduan, gure interesak aldatzen ziren heinean, taldea ere aldatu izan dugu. Aldakorrak gara, eta, nahitaez, Guda Dantza aldakortasun honen barnean dago. Hasiera batean ska-rock erritmoen inguruan egiten genuen lan, baina, denborarekin, musika asko deskubritu izan dugu. Taldearen testuinguruan, musika hori elkarbanatzen genuen: taldeak, diskoak, abestiak… erakusten genizkion elkarri. Horrek guztiak gure musika kutsatzen du, ezinbestean. Beraz, zuen galderari erantzunez, gu heldu garen heinean, taldearen estiloa heltzen joan da, baina kontraktu moduan gertatu izan da, era berean: taldearen garapenak gure garapen pertsonala ere suspertu du.


Zuen azken diskoa ez da disko arrunta. Azalduko diguzue zergatik formatu desberdin hau?
Azken “diskoa” atera behar genuenean, hamar urte generama­tzan formula berdina errepika­tzen: abestiak grabatu, compact disc batean editatu eta kontzertuak eman. Horrek asko asper­tzen gaitu, ez genion erakargarritasun handirik ikusten CD arrunt bat ateratzeari. Horregatik, buruari bueltak ematen hasi ginen, eta bueltak ematen dituen CD bat diseinatu genuen. Gure diskoa ez da disko bat. CD itxura duen arren, erruleta bat da. Erruleta horrek zulotxo bat du, eta, bueltak ematean, zuloan diskoa osatzen duten kantuen izenak agertzen dira, QR kode batekin. QR kode horrek kantu bakoitzak duen dokumental labur batera bideratzen du kontsumitzailea; formatu fisikoaren bitartez soilik kontsumi daitekeen eduki esklusiboa da.
Diskoaren izena Esan Gabekoak denez, diskoan agertzen diren dokumental horiekin inoiz esan eta erakusten ez duguna aurkeztu nahi genuen: konposaketa prozesuan izaten diren kezkak, grabazioan izaten ditugun obsesio eta frustrazioak, horren guztiaren inguruan dauden broma eta tontakeriak… Laburbilduz, nahi duenak gure kantuak debalde entzun ditzake Interneten, baina esperientziari beste ikuspegi bat eman nahi badio, gure diskoa eskuratu dezake eduki esklusibo hori guztia kontsumitzeko.