Inbasiotik urtebetera, ekimen guztiek biktimen eskubideak lehenetsi behar dituzte

Nazioarteak plan sendo bat hartu behar du, Errusiaren aurkako eraso-gerrako biktimen justizia bermatzeko. «Errusiako indar armatuak Ukrainan erasoaldia areagotzen ari direla ematen duen honetan, giza eskubideen urraketen eta gerrako krimenen erantzule guztiei kontuak emateko konpromisoa inoiz baino premiazkoagoa da», adierazi zuen Agnès Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak. Gatazka hasi zenetik, Amnesty Internationalek gerrako krimenak dokumentatu ditu, funtsezko azpiegitura zibilaren aurkako eraso selektiboak eta zibilentzako laguntza humanitarioa blokeatzea barne. Gatazkak eragindako eremuetan, biztanleria zibilak etengabeko erasoak jasan ditu, eta, sarritan, ura, elektrizitatea eta berogailua kendu dizkiete. Errusiak okupatutako eremuetan bizi diren eta laguntza humanitarioa edo premiazko arreta medikoa behar duten pertsona askori ukatu egiten zaie Ukrainako Gobernuak kontrolatutako lurraldeetara bidaiatzeko eskubidea.


Ukrainako herriak ezin irudikatuzko izugarrikeriak jasan ditu eraso-gerra honetan azken hamabi hilabeteetan. Bizirik dirautenek justizia eta ordaina merezi dute jasan duten guztiagatik, eta, ondorioz, nazioarteak tinko eutsi behar dio amaieraraino iristeko eta justizia egin dadin.


“Mortero baten talkak, gorpu-tza urratzeaz gain, bizibideak suntsitzen ditu, funtsezko azpiegitura suntsitzen du eta pertsona asko bere aurreko bizitzako hondakinen artean existitzeko gaitasunik gabe uzten ditu”, adierazi zuen Agnès Callamardek. Gatazkari berehalako erantzuna ematea pozgarria izan da, Ukrainan egin­da­­ko nazioarteko zuzenbideko krimenen nazioko eta nazioarteko hainbat ikerketa barne, baina, Ukrainarentzat justizia integrala lor-tzeko, ezinbestekoa da biktimei justizia eta erreparazio esanguratsuak ematea, eta, horretarako, beharrezkoa da nazioarteko komunitateak laguntza sendoa eta iraunkorra ematea.


“Laguntza beharra”
Laguntza eskaintzeko orduan, nazioarteak arrisku-taldeen premia espezifikoak zehaztu behar ditu –hala nola emakumeak, adinekoak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta haurrak–, eta kontuan izan behar du ukrainar asko Ukrainatik Errusiara deportatu dituztela edo indarrez eraman dituztela Errusiak okupatutako eremuetara, eta ezin direla etxera baldintza seguruetan itzuli. Talde zehatz horiek lehentasunezko taldeen artean egon behar dute.


Era berean, funtsezkoa izango da Ukrainako gizarte zibileko erakundeekin lankidetza estuan aritzea, bizirik dauden pertsonen beharrei lehentasuna emateko eta laguntza ekonomiko eta humanitarioaren banaketa ahalik eta ondoen bermatzeko. Nazioarteko komunitateak zaindu behar du lankidetza hori gardentasunez, eraginkortasunez eta biktimekiko sentsibilitatez egingo dela, laguntza humanitarioan, berreskurapenean, justizian eta erreparazioan oinarritutako prozesu guztietan.