Kilometroak 23

Orereta Ikastolak antolatu du aurtengo Kilometroak eta urte osoan zehar egingo diren zenbait ekintza prestatu dituzte. Gipuzkoako ikastolen aldeko festak urte osoa hartzea da helburua eta otsailaren 20tik urriaren 1era arte egingo dira jarduerak.


“Erriola” lelopean, egitaraua antolatzeko orduan hiru ardatz nagusi izan dituzte kontuan: komunitatea, euskara, eta kontakizunaren bidez egindako eskertza.


Ondokoak dira bizi ahal izango diren ekintzetako batzuk: otsailean, Euskaldunon Egunkaria gogora ekarriko da haren itxieraren 20. urteurrenean. Martxoaren 24an, “Milimetroak: Batasunera bidea” ekitaldia ospatuko da; giza kate bat egingo da Errenteriako Zumarditik Donostiako Alde Zaharreraino. Guztira 8.000 lagun inguruk hartuko dute parte. Euskaltzaindiarekin eta euskalgintzako eragileekin batera antolatutako ekitaldia da hori. Gainera, maiatzaren 6an, artea eta sorkuntza jarriko dira erdigunean eta “12 orduko ikuskizuna” egingo da. Maiatzaren 19an eta 20an, Adaxka berriak ikuskizunaren bi emanaldi izango dira, lehena Hendaian eta bigarrena Errenterian. Eta uztailean, Ur Muga festibalean kontzertu bat emango da.

Azken finean, helburu nagusia Kilometroak 23 jaia urtean zehar luzatuko den prozesu dinamikoa izatea izango da. Izan ere, egitaraua ez dago oraindik itxita, eta eragileekin, bereziki herrikoekin, elkarlanean osatzen joango dira.