Gehien eskatutako lanbide-profilak

Azken urteotan, munduko ekonomiaren digitalizazioak eta globalizazioak gora egin dutenez, mundu osoko enpresek gero eta profil zehatzagoak eta espezializatuagoak eskatzen dituzte lanpostu espezifikoak betetzeko. Arazoa sortzen da profesional kopurua ez denean nahikoa eskaera handi horri erantzuteko. Egia da, bai, zure etorkizun profesionala zehaztuko duen lanbide bat aukeratzerakoan, faktore asko hartu behar direla kontuan, hala nola zure gustuak, interesak, gaitasunak, baina errealistak ere izan behar dugu, eta jakin behar dugu ikasketa guztiek ez dituztela lanerako aukera berberak ematen. Beraz, funtsezkoa da jakitea zein diren aukera gehien dituzten lanbideak, eta zeintzuk diren lan-aukera horiek, ikasketak amaitutakoan.


Ingeniaritza, eskatuena
Egia da 2023. urterako gehien eskatzen diren lanbideak, azken urteetan ohikoa den bezala, ingeniaritzarekin eta haren adar guztiekin lotutako karreretan oinarritzen direla. Egia da, baita ere, herrialde guztiei eragiten dieten faktore negatibo guztiek bat egin dutela: Errusia eta U­krainaren arteko gerra, krisi energetikoa, inflazioaren hazkundea eta, ondorioz, prezioen igoera… 2023 hau urte ezegonkorra izango omen da lan-merkatuarentzat mundu osoan, eta, beraz, zerrenda honetan eragina izan dezakete aurretik azaldutako faktore horiek.

Ikasketa guztiek ez dituzte lan-aukerak berberak ematen; beraz, oso garrantzitsua da lan-merkatuan eskaera handiena duten lanbideak zein diren jakitea.

Lanbide bereziak

Tanatopraktorea

Lanbide hau ez da oso ezaguna, eta jende guztia ez da gai gorpu batekin lan egiteko. Hala ere, egiten den lana oso ondo baloratuta dago hileta-sektorearen barruan. Soldatak nahiko erakargarriak dira. Gainera, egonkortasun handia duen sektorea da, heriotza saihestezina delako eta bere lana beti beharrezkoa delako. Tanatopraxian eta tanatoestetikan teknikari izateko prestakuntza-eskaintza pribatua oso zabala da: Aurrez aurreko prestakuntza, urrutikoa edo intentsiboa aukera dezakezu. Batzuk 200 ordukoak dira, eta beste batzuk 1.100 eskola-ordukoak. Langabetuentzako ere doako ikastaroak badaude. Praktikak oso garrantzitsuak dira.