“Gazteei bizitza-proiektu duinak garatzen utzi behar zaie”

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) gazteriarekin lotura duten gaiak lantzen dituzten 60 bat elkarteren topagunea da. Beraien helburuak dira, besteak beste, gazteen eta gazte elkarteen parte-hartzea sustatzea, gazteria politiken garrantzia aldarrikatzea, erakundeek gazteen ikuspuntuak kontuan izatea eta administrazio hauen eta gazte elkarteen arteko zubi-lana egitea.

Gazteak dituzue ardatz, baina zer-nolako zerbitzuak eskain­tzen dituzue?
Gure helburua gazteen ahotsa jasotzea eta administrazioari helaraztea da, politika publikoetan eragiteko; hori, proiektuen, ekin­tzen eta partaidetza-prozesuen bitartez egiten dugu. Horrez gain, lantaldeak ditugu, hilean behin elkartzen direnak, lantaldearen araberako gaiak jorratzeko (adibidez, eman­tzipazioa, astialdia, berdintasuna edota bakea eta bizikidetza); elkarteetatik zein norbanako gisa datozen gazteek osa­tzen dituzte talde hauek, eta hausnarketa zein proposamenak sor­tzeko espazioak izateaz gain, EGKren diskurtsoaren iturri dira. EGKn zenbait bitarteko ditugu gazteen kezkak zein zalan­tzak kudeatzeko eta behar den lekura bideratzeko; horretarako, aholkularitza zerbitzua dugu, sareen bitartez, aurrez aurre, telefonoz, emailez… Bakoitzak nahi duen bidea erabil dezake gurekin harremanetan jartzeko. Aldi berean, badakigu batzuetan ez dela hain erraza elkarte moduan gune bat mantentzea edo batzuetan lekuak txikiak direla; horregatik, gure hiru bulegoak eskaintzen ditugu gazteak elkartzeko, betiere, aurretik erreserba eginez, gazte eragile, elkarte, kolektibo eta abarren partaidetza sustatzeko xedearekin.

“Gure helburua gazteen ahotsa jasotzea eta administrazioari helaraztea da”


Egun, behin eta berriz, kritika asko entzuten dira gazteen jarrerei buruz, hau da, ez dugula borrokatzeko grina, dena berdin zaigula edota lan egitea ez dugula gogoko. Sare sozialak baino ez direla gure interesekoak. Horrela dela uste duzu?
Gazteen jarrerei buruz kritika eta kexa asko entzun dira azkenaldian, eta esango nuke horrek argi uzten duela belaunaldien artean dagoen arrakala. Egun, gazteen ohiturak, harremanak izateko erak zein kanalak aldatu egin dira, eta horiei tokia egin behar zaie gizartean. Esan dezaket hainbat direla boluntario gisa zein mugimendu sozialetan konpromisoa erakusten duten gazteak, krisi klimatikoaren inguruko mobilizazio edo ekimenetan ikusgai dena, adibidez. Beraz, nahiz eta formak eta ohiturak aldatu, gazteok gizartearekiko konpromisoa dugula eta hala erakusten dugula esango nuke.
Euskadiko gazteriaren kon­tseiluko lan-arlo bat etxebizitza da. Datuen arabera, egungo euskal gazteen emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urtekoa da, Europako batez bestekoa baino lau urte beranduago. Zer dela-eta emantzipatzen dira Euskadiko gazteak hain berandu?
Euskadin ezin gara gazte izanda emantzipatu. Etxebizitza publikoan dagoen eskaintza oso urria da, eta merkatu libreko prezioak bateraezinak dira gazteen lan-baldintza prekarioekin. 2021ean, gazte batek bere soldataren % 58,8 bideratu behar zuen alokairura. Emakume gipuzkoarren kasuan, % 67,7. Datuen arabera, pertsona batek gehienez % 30 bideratu beharko luke alokairura, gehiegizko zorpetzea ez izateko. Hau da, batez beste, 363 euro, eta 325 euro emakumeen kasuan. Hipotekei dagokienez, Euskadin dagoen kontratuen aldibaterakotasun tasa kontuan hartuta, ia ezinezkoa da, sarrerarako dirua aurreztea lortzekotan, hipoteka baten konpromisoari aurre egin ahal izatea gazte izanda. Arazo honi irtenbidea emateko bideak irekitzen ari dira: Gaztelagun laguntza edota orain Gazteen emantzipazioari lagun­tzeko 2030 Euskal Estrategia. EGKren aldarrikapen nagusiak, ildo honetan, hainbat dira: batetik, etxebizitza publikoa modu esanguratsuan handitzea, etxebizitza berriak eraikiz zein etxebizitza hu­tsak eskuratuz. Bestetik, udalei e­txebizitza hutsen kanona betearaztea: Laguntzak epe motzerako erremintak dira, alokairu libreen prezioak mugatu egin behar dira, lan-baldintza duinak lortu behar dira.


Bizi berri izan dugun osasun krisiak, hainbat arlotan, eragin handiak izan ditu gizartean, ez bakarrik osasun arloan; izan ere, ikusi izan dugu gazteen artean oso aro zaila izan dela. Zer neurritaraino izan du eragina?
Osasun krisia guztiontzat izan da zaila. Harremanak izateko gure ohiturek hilabete batzuetan oso aldaketa nabarmena jasan dute, eta horrek eragin dituen arazo emozional zein mentalak areagotu egin dira. Hala ere, azpimarragarria izan da nola gazte askok zain­tza lanetan parte hartu duten, beren inguruko pertsonei momentu zailetan lagunduz. Ostera, pandemiaz geroztik, berriro ere, gazteriaren inguruko mezu ezkorrak zabaldu izan dira jendartean. Horrek ez dio gizarte eraikuntzari mesederik egiten. Hezkuntza sisteman zein enplegu arloan eragindako ondorioei aurre egitea ez da erraza izan askotan. Izan ere, ikasle askok klase birtualen bidez jarraitu behar izan dituzte beren ikasketak, eta, enpleguari dagokionez, pandemiak langile gazteek jasaten zuten prekarietatea areagotu du. Aurretik soldata baxuak, aldibaterakotasuna, lanaldi luzeak eta partzialtasuna jasaten zituzten, besteak beste, eta, pandemiak sortutako krisiaren ondorioz, gazte askok egun batetik bestera langabezian edo ERTE batean murgilduta ikusi zituzten beren buruak. Beste hainbat kasutan ere telelanaren bidez eraman da aurrera, eta, azken egoera horretan, klase birtualekin batera, agerian utzi du nabarmen arrakala digitala. Ez hori bakarrik, bizitza proiektuaz gain, emozionalki ere eragin handia izan du adin tarte bakoitzean.


Gazteok aintzat hartzen gaituztela uste duzu? Zer eskatuko zenieke erakunde eta agintari publikoei gazteen beharrak asetze aldera?
Gaur egun, bizitza proiektu duin bat garatzea oso zaila da gazte askorentzat; beraz, egoera horri aurre egiteko neurri zehatzak aurkeztea beharrezkoa iruditzen zaigu. Horretarako, EGKrentzat ezinbestekoa da ulertzea gai guztiek eragiten dietela gazteei, zeharka. Gure behar eta ardurak hainbat arlotakoak dira: Etxebizitza, Enplegua, Bakea eta Bizikidetza, Hezkuntza, Berdintasuna, Partaidetza eta Agenda 2030, esaterako. Horrekin batera, Gazteen eskubideak bermatu behar dira, eta horiei babesa eta bizi proiektu duin bat garatzeko erraztasuna eman behar zaie.