«First Lego Leaguek teknologiaren arloari buruzko ezagutza handia eman digu»

Sei hilabete izan dituzte Euskadiko 42 ikastetxetako 2.000 ikasle baino gehiagok Legoko piezekin eraikitako robota sortzeko. Eta, larunbat honetan, parte hartzaileek Innobasquek antolatutako First Lego League Euskadi txapelketako 14. edizioa ospatu dute aldi berean Bilbon, Arrasaten eta Donostian.

Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia energia berriztagarriak izan da, eta horren inguruko maketa bat eraiki behar izan du talde bakoitzak azken hilabeteetan. Robota diseinatu eta eraikitzeko aurretiazko prestakuntza izan dute gazteek ikasgelan, eta, horretarako, robotika eta zientzian adituak diren entrenatzaileak izan dituzte.

Deustuko Unibertsitateko errektorea den José María Guibertek esan duenez, txapelketaren helburua gazteen artean zientzia, ingeniaritza, matematika eta teknologiarekiko zaletasuna sustatzea da: «Lehiaketa honekin sorkuntza sustatzea bilatzen dugu, baita talde lana bultzatzea ere. Horretarako, taldekideek elkar entzuten, batera lan egiten eta ideia ezberdinak probatzen ikasi behar dute», adierazi du. «Azken finean, oztopoei konponbidea aurkitu behar zaie eta horregatik ikasi behar dituzte oinarri hauek. Zalantzarik gabe, txapelketa honek hori modu ezinhobean lantzeko balio die», jarraitu du.

about:blank

‘First Lego League’ nazioarteko lehiaketa da, baina Espainia osoan gaur ospatu da. Lehiaketa bi mailatan banatuta dago adinaren arabera. Txikienak, 6 eta 9 urte bitarteko umeak, ‘Explore’ izenekoan lehiatu dira, eta, helduagoak, 10 eta 16 urte artekoak, ‘Challenge’ mailan.

Urduritasuna sumatzen zen ikasleen aurpegietan Deustuko Unibertsitatean ospatutako proba hasi baino minutu batzuk lehenago. «Ekintza polita delako apuntatu gara», adierazi dute Zornotzako Karmengo Ama ikastetxeko umeek. «Taldekide guztiok parte hartu dugu maketa hauen eraikuntzan, eta batera lan egin izana oso garrantzitsua dela uste dugu. Makina hauek eraikitzeko txandakatzen joan gara».

Proiektuak aurrera ateratzeko adituen laguntza izan dute gazteek. Julen Garcia Edurobotic programazio eta robotika eskolako irakasleak dio azkeneko hilabeteak «zoramen handia» izan direla. «Lasai hasten zara maketa eraikitzen prestatzeko denbora asko dagoelako. Baina denborak azkar egiten du aurrera eta azkenean txapelketako aurreko egunera arte ez duzu amaitzen», adierazi du. «Geure kasuan bi maketa egiten hasi ginen eta azkenean bakarra aurkeztu dugu denboraren arazoagatik».

Irabazleei dagokienez, Bizkaiko hiru garaile izan dira: Gernikako San Fidel Ikastolako Sanfitek_Land eta Sanfitek_Fire taldeak, eta Portugaleteko StemToki-Edurobotic zentroko Edurobotic Energy taldea. Bestalde, Gipuzkoako Axular Lizeoko Overclock taldeak eta Santo Tomas Lizeoko Lizeobots A taldeak eraman dituzte golardoak. Azkenik, Arabako Urkide ikastetxeko Legokide 1 taldeak ere irabazi du.

Orain sei talde horiek Espainiako finalerako sailkatu dira. Han nazioarteko txapelketara igarotzeko aukera izango dute martxoaren 25ean eta 26an, eta hor irabazten duten taldeak herrialde bakoitzeko maketa onenekin lehiatuko dira AEBetan.