Kukulaisi Aisialdi Topaguneak euskara eta kirola uztartuko ditu

Aurreko astean, Kukulaisi Aisialdiaren Topaguneak ‘Kirol(h)ariak’ proiektua aurkeztu zuen, kirola eta euskara uztartzeko. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak babestutako proiektu berritzailea da.

Elkarteak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, euskarazko ahozkotasuna modu ludiko eta natural batean lantzea du egitasmoak helburu. Horretarako, Deustu eta San Inazio auzoetako lau ikastetxe publiko eta bost kirol klubekin egingo dute lan. Izan ere, Kukulaisiren arabera, eskolek beraiek bakarrik ezin dute euskara bultzatu, eta horretarako sortu dute ‘Kirol(h)ariak’ proiektua.

about:blank

Topaguneak uste du gakoa hizkuntza haur eta gazteen eremu ludikora hurbiltzea dela, batez ere kirolera, horregatik lotuko dituzte euskara eta ariketa fisikoa. Horrez gain, hizkuntzaren lanketarako interesgarriak diren ezaugarriak baditu ideia honek, besteak beste, talde konpromisoa, talde izaera eta erreferentearen figura.

Esperimentua Kukulaisiren bazkide den Berbaizu Euskara Elkartetik abiatu da. Honen funtsa haur eta gazteen partiduak grabatu, eta horren ostean jokalariekin elkarrizketak egitea da. Horrela, «entrenatzaileek, elkarrizketatzaileek eta gurasoek, gazteekin euskaraz mintzatuko dira, eta euskarak heziketa fisikoan babesgunea izango du». Ikastetxeen kasuan, eskoletako saskibaloi taldeetan eramango da aurrera ekimena eta kirol klubetan federatutako gazteekin.

Hilabete honetatik ekainara arte martxan egongo den proiektua aurrera ateratzeko kirol komunitate, eskolen eta topaguneko kideen arteko lankidetza beharrezkoa izango da.